Hezkidetza

Hezkidetzak hezkuntza esparruan genero-berdintasuna lantzea du helburu. Mota guztietako sexismoa gaintzea bilatzen du, baita indarkeria matxista ere. Hori lortzeko hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa beharrezkoa da. Erabiltzen den metodologiari dagokionez, errespetua, elkarrizketa, elkarreraginak, elkartasuna eta berdintasuna oinarri ditu.

Emakumeen eta Gizonen 4/2005eko Berdintasunerako Legearen arabera (28. Artikulua) “Hezkuntza-politika publikoek bultzatu beharreko hezkuntza-ereduek, betiere, helburu hauek izan behar dituzte: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaintzea, bereizkeria-mota oro baztertzea, eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzea. Horretako, emakumeen ta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko du arlo guztietan: curriculumean, antolaketan eta abarrean.”

Elorrioko Ikasleentzako tailerrak

Nesken eta mutilen berdintasuna sustatzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko, 2004tik Elorrioko ikastetxeetan —lehen zein bigarren hezkuntzan— Tratu Onen tailerrak egiten dira.

Gure ume eta gazteak bizi diren gizarte honek andre eta gizonen arteko diskriminazio ugari ditu. Ondorioz, gazte askoren artean jarrera sexistak, diskriminatzaileak eta oldarkorrak sortzen dira. Horri guztiari erreparatzeko, adinari egokituta, horrelako gaiak lantzen dira:

  • Genero-bereizketa neska edo mutilen artean, eta horren ondorioak gure identitatearen eratze-prozesuan.
  • Maitasuna eta sexualitatearen inguruko estereotipoak; maitasun eredu desberdinak; harreman osasuntsuak; norberaren garapen osasuntsua eta autoestimua; besteekiko errespetua eta onarpena aurreiritzi sexista barik; bizikidetza…
  • Genero indarkeriaren prebentzioa, eta elkarlanean honi aurre egiteko giza abileziak eskuratzea.

Irakasleentzako prestakuntza

Urtero ikastetxeetako irakasleek euren aurkeratutako gai bati buruzko prestakuntza egin dezakete; adibidez landutako batzuk: espazioaren erabilera ez-sexista; komunikazio ez-sexista; genero- eta sexu-identitateak; hezkidetzaren oinarrizko kontzeptuak…

Hezkidetza Mahaia

Elorrion udalak eta ikastetxeek Hezkidetza programa duten koordinazio-gunea da. Informazioa trukatzeaz gain, programaren nondik norakoak landu eta erabakitzen dira. Hiru hilean behin batzen dira. Horretan honako hauek parte hartzen dute:

Hezkidetza Kalera. Unitate Didaktikoak

Ikastetxeetan berdintasunaren alde egiten ari diren lanketa elorriarrekin partekatzea eta herrian zabaltzea. Azken urteetan Martxoaren 8an Bizkaiko Urtxintxa Eskolak egindako unitate didaktiko interesgarriak landu dira:

2020  Intersekzionalitatea (PDF 1,90MB)

2019  Ekonomia Feminista (PDF 100KB)

2019. Elorrioko Emakumeen Historia. 2011an Leire Goitisola Zumaranek eta Amaia Nicholson Gorostiagak eginiko 'Atzoko hitzak jolasten' liburuaren inguruko unitate didaktikoa.

2018  Gorputzen Aniztasuna (PDF 120KB)

2017  Elorrioko Emakumeen Aniztasuna (PDF 256KB)

2016  Elorrioko Emakume Kirolariak (PDF 35KB)