Albisteak

 

Maria Herrero Elorrioko Udaleko alkateorde eta Gizarte politiketako zinegotziak informazio-bilera bat egin du herriko ostalariekin, sektorearen egoera aztertzeko eta ostalaritzak jasan dituen azken murrizketen ondoren Udalak epe laburrean abian jarriko dituen laguntza zuzen eta espezifikoen lerro berriak azaltzeko.

Oposizioko ordezkariek ere parte hartu duten bilera horretan gobernu taldeak laguntza berri bat martxan jartzeko asmoa azaldu du, jarduera berriro eten ostean galerak estaltzen laguntzeko. “Joan den azaroaren 11n bilera bat egin genuen kolektibo osoarekin, eta bertan jakinarazi genion epe laburrean 100.000 euroko laguntza-lerro orokor bat jarriko genuela abian mikroenpresentzat eta autonomoentzat, eta, era berean, azaroaren 6an hasi zen ostalaritzaren itxieraren bilakaera ikusi ahala, egoera berri horri aurre egiten nola lagundu aztertuko genuela jakinarazi genuen, une hartan ez genekielako zenbat luzatuko zen”, azaldu du Herrerok.

Hartutako neurriak

Joan den martxoan osasun krisia hasi zenetik, Elorrioko Udalak hainbat neurri hartu ditu pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egin ahal izateko. Zehatzago esanez, eta saltokietarako, ostalaritzarako eta autonomoentzat hartutako laguntzei dagokienez, neurri hauek hartu dira:

  • Sektore horiek zaborrarengatik eta bide publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzetik salbuestea.
  • 30.000 euro, ekonomia suspertzeko erosketa-bonuen kanpainetan.
  • Laguntza zuzeneko lerroak.
    • Joan den maiatzean, Udalak 40.000 euroko hasierako kreditua jarri zuen martxan alarma egoera zela eta jarduera uztera behartuta egon ziren merkatarientzat, ostalaritzako profesionalentzat eta autonomoentzat.
    • Orain dela gutxi, abenduaren 28an, ireki da Covid-19ak eragindako ondorio ekonomiko kaltegarriak arintzeko Elorrioko langile autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako aparteko laguntzak eskatzeko epea. Laguntzek 100.000 euroko aurrekontua dute.

Ostalaritza sektorearen egoera kezkagarria da oraindik, murrizketek bere horretan jarraitzen dutelako. Hori dela eta, toki administrazioak aurreratu duenez, laster jaso ahal izango dute sektorearentzako beste laguntza zuzen espezifiko bat. Une honetan laguntza horren oinarriak lantzen ari dira eta oraindik zenbatekoak zehaztu barik daude. “Datozen egunetan oposizioarekin batera egingo dugu lan, ahalik eta lasterren errealitate izan dadin”.

Ildo horretan, Maria Herrerok, abenduan argitaratutako laguntzei kolektiboak egin dien kritika azaldu gura izan du; izan ere, baldintza horietako bat, 2019ko datuekin alderatuta, apirila eta iraila bitarteko diru-sarrerak % 60 murriztu izana zen, eta baldintza hori ez zen establezimendu gehienetan betetzen. “Kontuan hartu ziren hilabeteak ikusita, baldintza zorrotzegia izan dela adierazi digute, baina lanean jarraitzen eta jarraituko dugu ostalariek egungo egoera arintzeko laguntzak jaso ditzaten”.

Halaber, Udalak aurreratu duenez, datozen asteetan laguntza lerro berriak aztertzen jarraituko dute, pandemiaren inguruan hartutako neurriek sortutako egoerari erantzuten jarraitzeko. “Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea gara eta gure esku dagoen guztia egingo dugu elorriarren ongizatea bermatzeko. Seguru ez dugula hartutako neurri guztietan asmatuko, baina gure lehentasuna krisiari aurre egitea eta udalerriko ekonomia suspertzen laguntzea da”, azpimarratu du Herrerok.