Albisteak

 

Urtez urte eskaintza anitz zein oparoa eskaintzen jarraitzen du Elorrioko ‘Musikaire’ musika eta arte eszenikoen jaialdiak. Aurten ere, munduko musika ezberdinen kokaleku izaten jarraituko du, eta, horretarako, uztailean zehar erritmo eta soinu ezberdinez beteriko programazioa aurkeztu du.

“Gizarte arloan, Hezkuntzan edota Hirigintzan lan egiten dugun bezala, kultur arloa indartzen jarraitu behar dugu Elorrion. ‘Musikaire’ Euskal Herriko mugetatik haratago doan jaialdia da. Plazako edota Tolako zein Larizeko jesaulkietatik munduko leku ezberdinetara garraiatzen gaituzte ikuskizun hauek, musika eta antzerkiaz kultura eta bizimodu ezberdinak ezagutaraziz”, adierazi du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

The Skatalites eta Shaun Booker
Uztailaren 7an hasiko da Musikaire, eta lehen egunetik gogor ekingo dio. Izan ere, Jamaikako The Skatalites talde sonatuak izango du jaialdia irekitzeko ardura herriko plazan. The Skatalites taldeak ez du aurkezpenik behar; izan ere, Jamaikak eman dituen estilo mordoa (ska, reggae, rocksteady, dub eta haietatik eratorritako guztiak) ernearazi duen hazia izan baita.

Hurrengo egunean, Shaun Booker emakume abeslari estatubatuarrak Mississippiko bertako sustraiak ekarriko ditu elizpera. Abeslari afroamerikarraren ahots indartsu eta boteretsuaren soinua gospel-musikan eta bluesean irmo sustraituta dago. Bookerren izaera kartsu, sutsu eta guztiz zirraragarria hasierako Tina Turnerrenarekin aldera daiteke.

Mahotella Queens eta antzerkia
Bigarren asteburuan ere Elorrioko plaza izango da protagonista. Hasteko, uztailaren 14ean, Extremadurako ‘Los Pelópidas’ antzerkiaz gozatu ahalko da. ‘Los Pelópidas’ Jorge Llópis egile alacantarraren lanik sinbolikoena da. Hurrengo egunean, uztailaren 15ean, Mahotella Queens Hegoafrikako emakumeez osaturiko talde ospetsua Elorrion izango da. Hirukote honek, bere kultur erroak ahaztu gabe, musika-lurralde ausarta eta ernagarria erakusten du.

Asteburua bukatzeko, igande arratsaldez, Dantza Garaikide erakustaldia eskainiko dute plazan duela egun gutxi hainbat MAX sari irabazi dituen Kukai Dantza Taldeak edota Amaia Elizaran zein Ertza konpainiek.

Jorge Pardo, Ba Cissoko eta Mikroantzerkiak
Plazatik Lariz jauregira egingo dute salto uztailaren 21eko asteburuko ikuskizunek. Izan ere, jazzaren eta flamenkoaren mundu-mailako erreferentea den Jorge Pardok (Madril)  bere lengoaia mestizoa helaraziko du ostiralean. Egun bat geroago, Madrildik Guineara egingo dute salto ikusleek, Ba Cissoko musikariak kora (milaka urteko hari-instrumentu afrikarra) protagonista bihurtuko baitu. Oihartzun tradizionalak jazz, reggae, elektronika, blues eta rockarekin nahastuko ditu Cissokok.

Igande horretan, uztailaren 23an, Euskal Herriko antzerki talde ezberdinek Mikroantzerki ikuskizun ezberdinak eskainiko dituzte Casa Jara jauregian.

Ruper Ordorika, Antonio Lizana eta Khami
‘Musikaire’ren azken asteburua indartsu hasiko da uztailaren 28an Ruper Ordorikarekin Tola jauregiko lorategian. Ruper Ordorika euskal musikari berritzaile eta nazioartekoenetakoa da, ez du berezko aurkezpenik behar. Hurrengo egunean, Antonio Lizanak (San Fernando, Cádiz), flamenkoaren eta jazzaren arteko bidaia eskainiko du bere saxofoi eta ahotsaren konpainian.

‘Musikaire’ri bukaera emateko, uztailaren 30ean euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkezten dituen Khami taldea igoko da Tola jauregiko oholtzara. Kultura nahasketen ardatz unibertsalari segika, Khami-k soinu berezkoa eta mestizoa elkartzen ditu aldi berean,

* Informazio gehiago izateko: www.musikaire.eus

Programazio osoa:
ELIZPEA

Uztailak 7, Ostirala The Skatalites (Jamaika)
    
Uztailak 8, Larunbata Shaun Booker (AEB)     

ELIZPEA

Uztailak 14, Ostirala "Los Pelópidas" (Suripanta teatro) (Extremadura)

Uztailak 15, Larunbata Mahotella Queens (Hegoafrika)
 
Uztailak 16, Igandea Dantza Garaikidea (Kukai /Amaia Elizaran / Ertza) (E. H.)

LARIZ JAUREGIA
 
Uztailak 21, Ostirala Jorge Pardo (Madril)
    
Uztailak 22, Larunbata Ba Cissoko (Ginea)    

CASA JARA JAUREGIA
  
Uztailak 23, Igandea Mikroantzerkia (Euskal Herria)       

TOLA JAUREGIA

Uztailak 28, Ostirala Ruper Ordorika (Euskal Herria)

Uztailak 29, Larunbata Antonio Lizana (Cádiz)
     
Uztailak 30, Igandea Khami (Euskal Herria)                          

 Liburuxka deskargatu (PDF 6,08MB)