Albisteak

 

Elorrioko udalak eta EME-k (Elorrioko Merkatari Elkarteak) MERKATARI proiektua ezarri dute udalerriko merkataritza txikiaren egoera hobetzeko eta herritarrak dendetara gerturatzeko asmoz. Komunikazioa errazten duen  aplikazio berria dendarien eta bezeroen esku dago jada, eta dagoeneko mota guztietako 40 komertzio batu ditu. Prozesua otsailean hasi zen eta merkatarien formazio eta datu-biltze fasea behin igarota, aplikazioa herrian zabaltzeko unea heldu da.

MERKATARI soluzioa telefono aplikazio bat da eta, honek, bezeroa fidelizatzeko baliabide berriak eskaintzen dizkio dendariari. Aplikazio honen bidez, “klik” erraz batekin dendariek eskaintzak eta berrikuntzak helarazi ahal dituzte, eta euren kontaktu-datu, katalogo zein deskripzioak herrira bota. Honetaz gain, bezeroek ere MERKATARI deskargatzeko zenbait arrazoi dituzte: lehenik eta behin, herriko eskaintza komertziala modu erraz batean ikusteko aukera izango dute, euren telefonoetatik bertatik; gainera, eskaintza orokorrak eta pertsonalizatuak jasoko dituzte dendarien eskutik; produktuen eskaerak modu erraz baten bidez egin ahalko dituzte; eta dendariekin txat bidez kontaktatzeko aukera eskuratuko dute edozein zalantza erraz argitzeko edo eskaerak eta enkarguak egiteko, besteak beste.

Merkatarien artean oso harrera ona izan du MERKATARIk eta, orain, bezeroak animatzeko unea heldu da. Honetarako, zenbait zozketa eta ekimen prestatu dira bezeroak saritzeko. Lehendabizi, maiatzean zehar aplikazioa deskargatu eta erabiltzailea sortzen duten bezeroen artean bi pertsonentzako asteburu-pasa bat zozketatuko da; gerora, teknologia gailuak, erosketa bonoak eta beste hainbat eta hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute bezeroek MERKATARI erabiltzeagatik soilik. Honetaz gain, EMEk, bezero gazteak erakartzeko asmoz, Gazte Txartela kaleratuko du eta bezeroek promozio berezi hauek MERKATARIn ikusi ahalko dituzte.

Zer da MERKATARI?
MERKATARI ShopInn enpresak (Goiena Komunikazio Taldea, Isea S. Coop. eta Fulsion Smart Systems) sortutako soluzio nagusia da. 2017. urtean hasitako proiektua bost herritan dago martxan dagoeneko: Arrasaten, Oñatin, Eskoriatzan, Abadiñon eta Elorrion; eta bertako kontsumoa bultzatzea du helburu. Herriko eskaintza komertziala herriaren eskura jarriz eta bat-bateko eta bi noranzkoko kontaktuaren bitartez, merkataria eta bere bezeroaren arteko harremana sendotzen du aplikazioak.

MERKATARI ez dago produktuak Internetez saltzeko egina. Honen helburua bezeroak herriko komertzioetara hurbiltzea da, hauetatik urrundu beharrean. Beraz, teknologiaz baliatuz, kalitatearen aldeko apustua egin da, bertakoa indartuz. Aplikazioa Android eta ios-erako eskuragarri dago doan eta oso erabilpen erraza du. Izan ere, edonork, modu errazean erabiltzeko sortua izan da.

Informazio osagarria:

Spot-a

Deskargatu MERKATARI (Android)

Deskargatu MERKATARI (ios)

Kontakturako:
ines@merkatari.info
iarano@goiena.eus
688690255