Albisteak

 

Auto elektrikoak kargatzeko puntua bi aste barru egongo da martxan herrian. Bizkaian dauden 21. birkarga puntu publikoetako bat izango da, nahiz eta horietako 18 Bilbo aldean dauden.

‘Uztartu eta mugi zaitez’ lelopean, Elorrioko Udalak mugikortasun eredu jasangarriago baten aldeko hainbat ekintza antolatu ditu Europako Mugikortasun Astearen baitan. Irailaren 16tik 22ra bitartean prestatutako programazioa adin tarte guztietara zuzenduta egongo da, horietako bakoitzarentzat interesgarriak izan daitezkeen ekimenak bultzatuz.

Gauzak horrela, irailaren 17 eta 18an auto eta bizikleta elektrikoak dohain frogatzeko aukera izango da goizez eta arratsaldez Buzkantz kalean. Horrez gain, Bizidun elkarteak Bastoiekin ibiltzen ikasteko Ikastaroa antolatu du asteartean eta ostegunean pertsona nagusientzat.

Gaztetxoenek ere beraien tartea izango dute, izan ere, ikastetxeetan Bide Heziketaren inguruko formazioa jasoko dute aste guztian zehar. Horrez gain, larunbatean hainbat ekintza antolatu dira adin tarte horretarako. Besteak beste, Elorrioko Txirrindulari Elkarteak zuzendu eta herria inguratuko duen Bizikletada, Kar pista, Egurrezko Jolasak edota Rokodromo eta Tirolina jarriko dira Buzkantz kalean.

Pertsona helduentzat ere hainbat ekimen izango dira. Asteazken honetan, esaterako, Goiener-ek ‘Mugikortasuna eta Burujabetza energetikoa’ hitzaldia eskainiko du Iturri Kultur Etxean arratsaldeko seiretatik aurrera. Ostiralean, berriz, Elorrioko Mugikortasun Planaren inguruko hitzaldia eskainiko da 18:00etatik aurrera Iturri Kultur Etxean. Egitarauarekin bukatzeko, Elorrioko Txirrindulari Elkarteak Bizikletak konpontzeko Tailerra antolatu du larunbatean 17:00ak eta 20:00ak bitartean.

Auto elektrikoak birkargatzeko puntu berria
Mugikortasunari eta jasangarritasunari lotuta, dagoeneko hasi dira auto elektrikoak kargatzeko puntua atontzen. Nizeto Urkizuko aparkalekuan kokatuko den birkarga puntua Energiaren Euskal Erakundearen (EVE) baitan dagoen IBIL sistemak kudeatuko du, EVE-ren eta Elorrioko Udalaren artean hitzarmena sinatu ostean.

“Pausoz pauso, Elorrio jasangarriago baten alde pausoak ematen jarraituko dugu. Duela hilabete batzutatik hona, Goiener-ek kudeatzen du Udalaren herriko energia, eta kiroldegian energia kontsumoa %22,4 eta CO2 emisioak %39,3 jaitsiarazi ditugu. Gainera, herriko hainbat puntutan LED argiteria instalatzen hasi gara eta horretan jardungo dugu hurrengo hilabeteetan. Ahalik eta Elorrio jasangarrienean bizi nahi dugu, eta lanean jarraituko dugu helburu horrekin”; adierazi du Idoia buruaga alkateak

Bizkaian 20 birkarga puntu daude gaur egun, nahiz eta gehien-gehienak Bilbo aldean dauden kokatuta. Elorriokoa bi aste barru egongo da martxan.