Albisteak

 

Kaleko futbolaren muina berreskuratu gura duen txapelketa da, lagunekin jolastea, bat-batekotasuna eta jolasaren askatasuna. Herriko neska-mutil guztiei dago zabalik, alebinei eta benjaminei
Izena emateko epea zabalik dago jada eta www.futbolkalean.com helbide elektronikora idatziz, 902 014 357 telefono zenbakira deituz edo txapelketan bertan egin daiteke
Norgehiagokak Niceto Urkizu kaleko aparkalekuan jokatuko dira, goizeko 10:30etatik 13:30etara
Egun horretan bertan pantaila handi bat jarriko da Herriko Plazan, Athletic Club taldeak Bartzelonan jokatuko duen Errege Kopako finala ikusteko 

Elorrion, 2015eko maiatzaren 20an.- Datorren maiatzaren 30ean Elorriok, Athletic Fundazioaren proiektua den "Futbol Kalean" ekimena jasoko du. Bizkaiko hainbat herritan jokatuko den kaleko futbol txapelketa izango da, eta bere helburua kaleko futbolaren muina, dibertsioaren izpiritua, partaidetza, lagunekin jolastea, bat-batekotasuna eta entrenatzaile eta pertsona heldu barik, talde barik eta gutxieneko araudia betez jolastearen askatasuna berreskuratzea da.
Ekimena herriko neska-mutil guztiei dago zabalik, alebinei eta benjaminei, eta taldeak eurak gura duten moduan osatu ahal izango dituzte, talde mistoak edo mutilek edo neskek osatutakoak. Partaideek hiru modu izango dituzte txapelketan izena emateko: telefonoz deituz (902 014 357), www.futbolkalean.com helbidera mezua bidaliz edo txapelketa egingo den lekuan bertan, Niceto Urkizu kaleko aparkalekuan. Ekimena maiatzaren 30ean izango da, goizeko 10:30etatik 13:30etara.
Partaideek 4 jokalariz osatutako taldeak eratu beharko dituzte, atezain barik, eta norgehiagokek 10-15 minutu iraungo dituzte, izena emandako talde kopuruaren arabera.
Ekimenaren beste berezitasunetako bat ez dela epailerik egongo izango da. Partaideak eurak izango dira jolasa arautuko dutenak, eta ados jartzen ez direnean baino ez dute parte hartuko antolakuntzako kideek.
Lehiaketa sistema (ligaxka, koadroa edo mistoa) izena emandako talde kopuruaren araberakoa izango da. Dena den, talde irabazleak, antolakuntzak izendatutakoarekin batera, hurrengo faserako sailkatuko da, bi taldeen artean, bere herria ordezkatuko duen futbol 7ko talde bakarra eratuz.
Finalerdia ekainaren 7an jokatuko da Plentziako hondartzan, eta txapelketaren finala Lezamako futbol zelaian jokatuko da astebete geroago, ekainaren 14an.

Kopako finala
Beste alde batetik, egun horretan bertan pantaila erraldoi bat jarriko da Herriko Plazan, Athletic Club taldeak Bartzelonan jokatuko duen Errege Kopako finala ikusi ahal izateko, herritar guztiek norgehiagokaz aire zabalean eta giro bikainean goza dezaten. Joseba Mujika herriko alkateordeak azaldu duenez, “Bartzelonan jokatuko den kopako finaleko giroa sortu gura dugu, Athletic taldea bultzatuz eta gure indar guztiekin animatuz. Argi eta garbi dago Elorrion ospakizun handia egongo dela, Athleticek lortu duen guztiarengatik”.