Albisteak

 

Elorriotik sakabanatuta dauden gurutzeak Euskal Herrian bakarrak dira, bai kopuruagatik eta baita beren osotasunean duten balio artistikoarengatik ere. Horretaz jakitun, Elorrioko Udalak urtero gurutze bat zaharberritzeko erabakia hartu zuen 2009an, eta aurten bukatu da proiektua.

Elorriok duen altxorra balioan jartzeko, Jesus Muñiz historialariak eta Santiago Yañez argazkilariak Elorrio: Artea Gurutzean – El Arte en la Cruz liburua prestatu dute. Gainera, turismo-proposamen bilakatzeko ahaleginean, gurutzeen zeharreko ibilaldi bat proposatuko da “Gurutze bidaia – Vente de crucero” izenpean.

“Gaur zorioneko gara urte luzeetan egin den lana bukatutzat eman dezakegulako. Izan ere, Elorrion altxor asko ditugu, eta horietako bat Gurutze bilduma eder hau da. Nahiko nuke azpimarratu etorkizunera begiratzeko, iragana balioan jarri behar dugula, eta lan honek, zentzu horretan, jendea hezteko helburua dauka. Izan ere, daukagun ondare guztia ulertu gabe, ez dago Elorriorik”, nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak, aurkezpenean.

Liburua, 15 eurotan
Zaharberritze prozesuetan Mari Paz Revilla zaharberritzaileaz gain, Jesús Muñizek ere hartu du parte, zaharberritzea biribila izan zedin dokumentazio bila artxiboetan arituz eta gurutze bakoitzaren deskribapen idatzia eginez. Guzti horiek aurkeztu berri den liburuan barnebiltzen dira. Santiago Yániz argazkilariak bereziki  libururako argazkiak egin ditu. Liburua 15 eurotan salduko da Iturri kultur Etxean eta Turismo Bulegoan.

Yañezek azaldu du Elorrio ondo ezagutzen zuela, “gehiagotan atera baitizkiot argazkiak. Horregatik onartu nuen enkargu hau. Gurutzeei zuzenean begiratu nahi nien, lasaitasunez, aurpegira begiratuz, gauez eta egunez, eguzkipean edota lainopean. Elurra bakarrik falta izan zitzaidan, ez baitzen garaiz heldu. Espero dut, hemendik aurrera, horien azpitik egunero ibiltzen direnek ohartaraztea daukaten balioaz”.

Bisita gidatuak
Gurutzeen historia ezagutarazteko, Turismo Bulegoak bisita gidatuak egingo ditu larunbat (euskaraz) eta igande honetan (erdaraz), goizeko hamar eta erdietan. Gerturatu nahi dutenek Turismo Bulegoan bilduko dira, eta ez dute aurretiaz izenik eman beharko.