Albisteak

 

Udalak banan-banan jakinaraziko die jabeei errekarguaren inguruan, hala ere, jakinarazpena jaso eta lehen 30 egunetan, jabeek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

Elorrion hutsik dauden etxebizitzetako jabeek %50eko errekargua ordaindu beharko dute hemendik aurrera Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ, edo IBI, erdaraz). Modu horretan, Elorrioko Udalak iaz onartutako ordenantza fiskalen neurrietako bat martxan jarri eta etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko bultzada bat eman nahi die jabeei.

“Gobernu taldetik bat gatoz etxebizitza duin bat izatea eskubide bat izan beharko litzatekeela. Hala ere, zoritxarrez, gaur egun desoreka itzela dago alokairu baten bila dagoen jendearen eta eskaintzaren artean, beraz funtzio sozial hori ez betetzeagatik errekargu bat jarriko dugu. Datuak eskuetan izanik, jakin badakigu Elorrion hutsik dauden etxebizitza ugari daudela, beraz bultzada bat eman nahi diogu arazo horri.  Gainera, etxebizitzak hutsik edukitzea luxu bat da bai jabearentzat eta baita udalerriarentzat ere, lur gehiago eraikitzera behartzen gaituelako”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Errekargurik ez jasotzeko hainbat arrazoi
Ahalik eta modurik eraginkorrenean egin asmoz, Udalak ‘potentzialki hutsik’ dauden  etxebizitzen zerrenda egin du inor erroldaturik ez dagoen etxebizitzekin. Udalak banan-banan jakinaraziko die jabeei errekarguaren inguruan, hala ere, jakinarazpena jaso eta lehen 30 egunetan, jabeek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte.

Hainbat arrazoi izan ditzakete jabeek errekargua ez aplikatzerako orduan, esaterako, etxebizitza jarduera profesional bati lotua egotea, alokatuta dagoen etxebizitza izatea, saldu edo alokatzekotan dauden etxebizitzak, ohiko etxebizitza ez diren etxebizitzak, baldin eta gutxieneko urteko kontsumo hauek frogatzen badituzte: 554 kWh elektrizitatean edo 975 kWh gasean, … Guztira, hamazazpi arrazoi ezberdin egon daitezke errekargurik ordaindu behar ez izateko, eta jabeei aukera horiek notifikatuko zaizkie.