Albisteak

 

Elorrioko Udalak eta Zaintza Sareak elikagaiak biltzeko kanpaina antolatu dute asteburu honetarako. Horrela, urtarrilaren 15etik 16ra bitartean, ekimen solidario honekin bat egin nahi duten pertsona guztiek galkorrak ez diren elikagaiak Elorrioko Zaintza Sareak emandako ‘bilketa-kutxetan’ utzi ahal izango dituzte. Kutxa horiek kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan* eta Herriko Plazan egongo dira.

Udalak kanpainan parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta, gogorarazi duenez, “pandemiak areagotu egin du egoera zaurgarrienean dauden pertsonen eta familien egoera larria, eta, beraz, erantzuna ematen jarraitzeko eta konpromiso kolektiboa agertzeko unea da”. Biltzen diren elikagai guztiak behar handiena duten pertsonen eta familien artean banatuko dira Kainaberaren bidez.

Elikagaiak biltzeko ordutegiak

  • Ostirala, urtarrilak 15 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara
  • Larunbata, urtarrilak 16 10:00etatik 14:00etara

* Ekimen horrekin bat egin duten saltokiek, ‘Elikagaien Bilketa’ kanpainaren izena daraman identifikazio kartel bat izango dute ikusgai.