Albisteak

 

Elorrioko Udalak, 2020ko uztailean abian jarri zuen katu-kolonien kudeaketa-kanpaina arduratsuarekin duen konpromisoarekin jarraitzen du, eta udalerriko hainbat lekutan egokitutako lau puntuan beste bost txabola berezi jarriko dituela iragarri du, katuei pentsua eta ura eman ahal izateko. “Elorrixoko kale katuak” elkartearekin adostutako ekimena “2020ko uztailean jarri genuen martxan”, eta hilabete geroago bi txabola txikitu egin zituzten. Ekintza bandaliko horiek, zoritxarrez, azaroan errepikatu ziren. Ordutik, elkartearen eskaeraren ondoren, informazio-panel batzuk egokitu genituen behin-behinean, gune horietan elikatzen jarraitu ahal izateko, eta apurtutako txabolak ordezkatu ahal izateko aurrekontua eskatu genuen”, azaldu dute Udaleko arduradunek.

Horrela, Udalak argitu eta gogorarazi gura izan du administrazioak prozedura bat bete behar duela edozein produktu edo zerbitzu erosteko eta konpontzeko, eta hornitzailearen arazo pertsonalengatik kontua atzeratzen ari dela. Hain zuzen ere, txabola berrietarako gastua azaroaren amaieratik dago onartuta, eta abendu hasieran esleitu zuten, baina hornitzaileak adierazi duenez txabola berrien konponketa eta hornidura gutxienez beste hilabete bat atzeratuko da. “Atzerapena sortzen ari den ondoeza eta gaizki-ulertuak ikusita, etorkizunerako hornitzaile berriak bilatzen ari gara”, aurreratu dute Udaletik.

Kanpainaren balantzea

Kontrolik gabeko katu-kolonien gorakadak eragindako bizikidetza-arazoen aurrean, Udalak 2020ko uztailean jarri zuen martxan katu-kolonien kudeaketa arduratsurako kanpaina, ‘Elorrixoko kale katuak’ elkartearekin batera. Orduan, katu-kolonia garrantzitsuak hauteman ziren; Anduetxetan, Larizen, Azpikoerrotan eta Argiñetan, besteak beste, eta, horren aurrean, lau puntu horiek katuak elikatzeko egokitzea adostu zen, eta baita txabola berezi batzuk egokitzea ere, harrapatu eta antzutu ahal izateko.

Sei hilabete hauetan, Udalak 5.000 euro bideratu ditu albaitaritza-gastuetarako eta kolonia horien elikadurarako guneak egokitzeko. “Ekimena animalien ongizatea hobetzeko, koloniak kontrolpean izateko eta elkarbizitza arazoak hobetzeko jarri genuen martxan. Lehenbailehen txabola berriak jartzea eta ekintza bandaliko horiek ez errepikatzea espero dugu”, adierazi dute Udaletik.