Albisteak

 

Elorrioko Udalean ordezkaritza politikoa duten talde guztiek, urriaren 19an egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Egunaren inguruko mozioa.

Pandemiak markatutako urte honetan, indarkeria matxistaren aurkako borrokak ez du etenik izan, emakume askoren egoera larriagotu egin dela eta bestelako modu batzuetan agertzen ari dela ikusi duen gizartean. Murrizketek eta konfinamenduak are errealitate gogorragoa utzi dute agerian, eta indarkeriari aurre egin behar dioten emakumeak zaurgarritasun handiko egoeraren aurrean jarri dituzte.

Errealitate horren jakitun, Udalbatzak gaitzetsi egiten du edozein motatako ekintza matxista, eta erabateko babesa eta laguntza ematen die indarkeria matxistaren biktima eta biktima posible guztiei. Pandemiak sortutako egoeraren aurrean, Udalak arreta berezia jarri gura du euren etxeetan, lanean edo bizitzeko espazioetan indarkeria jasaten duten emakumeengan eta neskengan.

Hori dela eta, aurten Euskal Herrian eraildako lau emakumeen eta eraso sexistak jasan dituzten Elorrioko herritarren aurreko aintzatespena eta ikusgaitasuna erakusteko eskaria egin du.

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak Udalak borrokarekin duen erabateko konpromisoa agertu du: “Herritarrengandik gertu gaudenez, ahotsa jarri gura diogu gure udalerriak indarkeria matxistaren biktimekiko duen elkartasunari.

Gure erantzukizuna gure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakume talde, aditu eta gizarteko eragile guztiekin lankidetzan eta koordinazioan”. Halaber, Alazne Mendizabal Berdintasuneko zinegotziak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da emakumeei laguntzeko behar diren baliabideak edukitzea: “Berriro ere gogorarazi gura dugu emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko baliabideak herritarren eskura daudela oraindik ere, eta gure inguruan indarkeria matxista jasaten duten pertsonei laguntza eskaintzearen garrantzia azpimarratu gura dugu”.

Udalak, hurrengo jardueretan parte hartzeko eta mugimendu feministak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko eguna dela-eta deitzen dituen mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu die elorriarrei”.

  • Azaroaren 20an, ostiralean, Beldur Barik sariak streaming bitartez eskainiko dira.
  • Azaroaren 24an, asteartean, 18:30ean, Kattalin Miner idazleak “Moio” liburua aurkeztuko du, bide telematikoz; bertan, gizartea nahasten dutenbi tabu jarriko dira ikusgai: suizidioa eta transexualitatea.
  • Azaroaren 25ean elkarretaratzea egingo da 19:00etan plazan, Elorrixoko Asanblada Feministak deituta.
  • Azaroaren 26an, 18:00etan, autodefentsa tailerra egingo da 16 eta 26 urte bitarteko elorriar gazteentzat, euskaraz.

Ekitaldi horiekin batera, Elorrioko Liburutegian ipuin-kontalarien ekimen berri bat jarriko da abian azaroaren 20, 23, 24 eta 25ean: genero-indarkeria eta berdintasuna gaiari buruz. “Bortizaranako Aluzineskak” izeneko ekimena bi adin-taldetako haurrei zuzenduta dago, lehenengoa 4 eta 6 urte bitartekoei eta bigarrena 7 urtetik gorakoei. Narratzailea Maite Franko izango da, eta 10-14 minutuko 4 bideo grabatuko ditu, bi 4 eta 6 urte bitartekoen taldearentzat eta beste bi 7 urtekoen taldearentzat.

Egunero bideo berri bat estreinatuko da eta gure webgunean ikusi ahal izango dira abenduaren 2ra arte.

Adierazpena (PDF 111KB)