Albisteak

 

Maria Herrero, alkateorde eta Gizarte politiketako zinegotziak, eta Alazne Mendizabal Elorrioko Udaleko Berdintasun zinegotziak, Errotik Kooperatiba Feministako kideekin elkarlanean egingo duten ikerketa aurkeztu dute gaur goizean. Azterketa-diagnostikoaren izena “Zelan eragiten du egungo zaintzasistemak eta ereduak Elorrioko biztanleriaren osasunean eta egoera sozioekonomikoan?” da

Azterlanaren helburu nagusia egungo zaintza-sistemak Elorrioko biztanleriaren osasun emozionalean eta egoera sozioekonomikoan duen eragina aztertzea da, batez ere emakumeen artean, eremu hori erabat feminizatuta dagoelako.. Modu berean, beharrak detektatzeko eta hobetzeko ideiak jaso gura dira, zaintza eredu propioa sortu ahal izateko. Eta hori guztia Covid-19ak eragindako egungo osasun krisi egoeraren barruan.

Maria Herrerok ikerketa lan honek sortzen duen interesa azpimarratu nahi izan du: “Udal moduan, beharrezkoa iruditzen zaigu horrelako ikerketak bultzatzea; izan ere, gustatzen ez zaigun errealitatea aldatzeko, guztiz bidegabea iruditzen zaiguna, beharrezkoa da errealitate hori ezagutzea eta tamalez ‘ohiko’ moduan onartzen eta erreproduzitzen dugun eredu horretaz jabetzea".

Azterlanak 8.000 euroko aurrekontua du guztira, eta ondorioak datorren urtearen hasieran ezagutuko dira.

Elorrioko Udaleko Gizarte Politika eta Berdintasun Sailak elkarlanean ari dira lanean diagnostiko parte hartzaile honetan, eta Errotik Kooperatiba Feministaren laguntza izango dute. Metodologia kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz gauzatuko da, ikuspegi feministarekin. Horren harira, Alazne Mendizabalek “bizitza eta zaintza erdigunean ipintzen doguz proiektu honekin eta oso garrantzitsua da guretzat zaintza eta zaintza-sistemak erdigunean ipintzea. Tradizioz zaintza eremu pribatuan egon da etxeko eremuan, emakumeen esleituta gehien bat eta egungo osasun krisiak ez du ezer lagundu. Ikerketa honekin biltzen diren datuekin egoera zein den eta norantz joko dugu lortzea espero dugu, ze aldaketa egin behar dugun, zer bultzatu eta zergatik ez zaintza eredu propio bat sortzea”

Emaitzak erabakigarriak izango dira zuzenean jakiteko zein alderdi sozial eta ekonomikok duten eragina zaintza-sisteman. Zentzu honetan “hainbat txostenek diotenez, COVID-19aren ondoriozko osasun-krisiak markatutako egungo testuinguruan, lan-banaketa eta lan-kargen desoreka areagotu da eta eragin negatiboa izan du, batez ere, emakumeengan” adierazi du Errotikeko kidea den Gisela Bianchik.

Ikerketak galdera hauei erantzun gura die:

  1. Zelan eragiten dio, oro har, osasuna zaintzeko egungo sistemak Elorrioko herritarren egoera sozioekonomikoari?
  2. Zer eragin izan du COVID-19aren osasun krisiak zaintzen antolaketan?
  3. Zer behar dute Elorrioko biztanleek testuinguru horretan sortutako beharrei aurre egiteko?
  4. Zelan hobetu daiteke herri mailako zaintza-sistema?

“Prozesuan zehar, alde batetik, zaintzapeko mendeko pertsonak dituzten pertsona guztien eskura egongo den galdera-sorta bat egingo da, eta, bestetik, eztabaida-taldeak antolatuko ditugu emakumeekin, egoeraren diagnostiko parte-hartzailea egiteko. Gainera, adituekin saio bat egitea aurreikusten da, helburua taldekako hausnarketak egitea eta etorkizunerako neurriak zehazteko proposamenak biltzea delako”, azaldu du Bianchik.

Bideo informatiboa (YouTube)