Albisteak

 

Elorrioko Adinekoen Zentroak, osasun krisiaren hasieratik zerbitzurik eman barik egon den Podologia zerbitzua berreskuratuko du, segurtasun eta higiene protokolo zorrotzaren aplikazioa ezarri ostean. Horrela, arreta podologikoa urriaren 27tik, martitzenetik, aurrera emango da berriro, ohikoa zen moduan, hilabete bakoitzeko azkenengo martitzenetan, 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:30era.

Zerbitzu hori erabiltzeko, interesatuek hitzordua eskatu beharko dute aurretiaz Adinekoen Zentroko iragarkien oholean jarriko den zerrendaren bitartez. Bisitaren egunean, erabiltzailea igogailutik sartu beharko da zentrora, maskara edo muturrekoa behar den moduan jarrita. Sukarra edo COVID-19a izan dezakeela susmatzera eraman dezakeen beste sintomaren bat izanez gero, ez da zentrora joan behar.

Halaber, oso garrantzitsua da erabiltzailea puntualtasunez heltzea hitzordura, ez lehenago ez geroago, ez delako itxaron gelarik egongo, beste pertsona batzuekin kontakturik egon ez dadin. Horrela, txandak 30 minutuz behin banatuko dira, hurrengoa etorri aurretik erabiltzaileek kontsulta uzteko denbora izan dezaten.

Erabiltzaileak norbaitekin joan behar badu, laguntzailea kontsulta dagoen lekuraino sartu ahal izango da, baina gero kanpoan itxaron beharko du, tratamendua bukatu arte. Zerbitzua esku-dirutan ordainduko da, eta kopuru zehatza eramatea gomendatzen da, diru-trukeak saihesteko. Podologia zerbitzuaren prezioa 14 eurokoa da pertsona bakoitzeko.

Elorrioko Udalak, bere aldetik, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa bermatuko ditu eta zerbitzua modu seguruan erabiltzeko beharrezkoa den material desinfektagarria jarriko du erabiltzaileen esku.