Albisteak

 

Elorrioko Udalak, aurten banakako lehiaketa ofizialetan parte hartu duten udalerriko kirolariek jarduera horrek eragindako gastuei erantzuteko dirulaguntza eskatu ahal izateko epea zabaldu du. Ekimenak 3.000 euroko aurrekontua du, eta herriko kirolariek goi mailako lehiaketan presentzia izatea bultzatu eta sendotu gura du, emakumeei eta kirol egokituari arreta berezia eskainiz.

Iaz, Elorrioko 13 kirolarik jaso zuten diru-laguntza hori, hainbat modalitatetan, txirrindularitzan, eskian, motoziklismoan, triatloian, arte martzialetan, eskaladan edo atletismoan, autonomia, estatu edo nazioarte mailako txapelketetan parte hartu ondoren. Horietatik 8 emakumeak izan ziren eta 5 gizonak. Horietako bat, gainera, kirol egokituan aritu zen. Euren palmaresean, hainbat domina estatuko eta erkidegoetako txapelketetan, eta nazioarteko probetan parte hartzea daude.

Laguntza horiek eskatu gura dituzten pertsonek Elorrion erroldatuta egon behar dute, gutxienez 2 urteko antzinatasunarekin, eskabidea aurkezteko unean; dagokion kirol-federazioko lizentzia izan behar dute; eta banakako txapelketa ofizialetan parte hartu behar dute, 2020an, lurralde eremu hauetan: nazioartekoa, estatukoa eta autonomikoa.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak banakako kirol jarduerarekin lotura zuzena dutenak izango dira, parte hartzeko kuotak, joan-etorriak eta ostatuak; kirola egiteko materiala eta ekipamendua eskuratzea eta erostea; eta kirol lizentziak lortzea. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 250 eurotik 500 eurora bitartekoa izango da eskatzaile bakoitzarentzat, oinarri arautzaileetan argitaratutako baremoaren arabera lortutako puntuazioa kontuan izanda.

Informazio gehiago, esteka honetan.