Albisteak

 

Elorrioko Udalak beste diru-laguntza bi onartu ditu. Lehenengoa familia ugarien ongizateari laguntzeko, eta bigarrena, 2019-2020 ikasturtean euren seme-alabak eskolako kirola egiteko matrikulatu dituztenentzat. Horrela, Udalak, Elorrioko familien behar ekonomiko posibleei aurre egiten lagundu gura du.

Familia ugariei zuzendutako laguntzaren helburua, euren seme-alabek Udalak antolatzen dituen kultura, gizarte, ekonomia, kirol edo aisialdi arloetako jardueretan parte hartzea da. Guztira 3.500 euroko aurrekontu-partida izango da. Interesa duten familiek 2020ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta beharrezko dokumentazioa Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan.

Beste alde batetik, joan den 2019-2020 ikasturtean euren seme-alabak eskola kiroleko udal zerbitzuan matrikulatu zituzten familiek horretarako onartu den diru-laguntza jaso ahal izango dute. 1.000 euroko zenbateko osoa du eta, horrela, Udalak helburu bikoitza beteko du. Alde batetik, umeen eta euren familien partaidetza sustatzea, kolektibo guztien partaidetza indartzeko eta gizarte kohesioa bultzatzeko. Eta, bestetik, egoera ekonomiko zaila jasaten ari diren familiak eta adingabeak gizartean baztertuta geratzea saihestea.

Eskariak Udaletxeko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 2020ko azaroaren 15era arte, barne.