Albisteak

 

Urriaren 13an hasiko dira sastrakak garbitzeko lanak San Agustin auzoan.

Hurrengo egunetan udalerriko hainbat kale asfaltatzeko lanak ere hasiko dira.

Elorrioko Udalak jakinarazi duenez, datorren egunetan hasiko da kaleak egokitzeko beharrari erantzuten, asfaltatze egokiaren bitartez, eta udalerriko landa inguruetako bideetako sastrakak garbituko ditu.

Zehatzago esanez, udalerriko landa inguruko auzoetako bide bazterrak garbitzeko eta sastrakak kentzeko lanak datorren martitzenean, urriaren 13an, hasiko dira. Lanak San Agustin auzoan hasi, eta mendebaldetik ekialdera auzo guztietara zabalduko dira. Udalak aurten sastrakak garbituko dituen bigarren aldia izango da.

Urtez luzez ez da plangintzarik egon herri bideak konpondu eta mantentzeko. Gobernu talde honek pasa den legegintzaldian argi zuen, 4 urtetan behar guztiei erantzuna ematea ezinezkoa zela horregatik, udal teknikariekin batera lehentasunak markatu zituen eta, azken urteetan, urtero lan horietarako partida bat bideratzea erabaki du. “Helburua pixkanaka herriko behar horiei erantzuna ematea da, eta, datozen egunetan hasiko dira asfaltatze-lan desberdinak herrigunean eta landa eremuan. Herria txukun mantentzeko helburu horren baitan, epe laburrean, herriko bankuak konpondu eta mantentzeko lanak ere lizitaziora atera nahi dugu”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.