Albisteak

 

Elorrioko Udalak 4.000 €-ko partida ekonomikoa bideratu du udalerriko 18 eta 30 urte arteko gazteen ikasketen ondoriozko garraio gastuak ordaintzen laguntzeko. Horrela, laguntza hori eskatu gura duten ikasleek gaurtik, 2020ko urriaren 1etik, urriaren 31ra eskatu ahal izango dute laguntza, egun biak barne, goizeko 08:00etatik 14:00etara, Udaletxeko Erregistro Orokorrean.

Udalak, ikasturtean zehar Elorriotik 115 kilometro baino gutxiagora dagoen ikastetxe batera egunero joan behar duten ikasleen garraio publikoaren ondoriozko gastua finantzatuko du. Izan ere, Julene Lazkano gazteria zinegotziak adierazi duen moduan, “laguntza horien bitartez Udalak unibertsitateko eta prestakuntza zikloetako irakaskuntza jasotzea sustatu eta erraztu gura du, eguneroko garraio publikoak sortzen duen gastua ez dadin goi mailako ikasketak egiteko oztopo izan”.

Elorrioko ikasle gazteen garraio publikoko gastua arintzeko diru-laguntzara zuzendutako aurrekontu osoa 4.000 €-koa da. Emango diren gehieneko kopuruak 300€, 200€, 100€ eta 50€ izango dira. Eman beharreko dirulaguntzen kopuru osoa dagoen kreditu erabilgarria baino handiagoa bada, kopuru hori proportzioan hainbanatuko da baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean.

Ebazpena eman eta gero, Udala arduratuko da onuradunei emandako kopuruaren %100 euren kontuan ordaintzeaz, ordainketa bakarrean.

Informazio gehiago, esteka honetan.