Albisteak

 

Gaur goizean egin den prentsa aurrekoan, Elorrioko Udalak ekonomia suspertzeko GAZTE-BONOAK kanpaina aurkeztu du, aitzindaria eskualdean, eta Euskal Herri osoan martxan jarri den apurrenetakoa. 18 eta 29 urte arteko gazteei zuzendutako kanpaina da, herriko egitura ekonomikoa indartzeko eta Elorrioko gazteak erakartzeko eta euren artean gertuko saltokietan kontsumitzea bultzatzeko helburu bikoitzarekin. “Gobernu talde honentzat ezinbestekoa da saltokien eta gazteriaren arteko lotura estutzea eta indartzea, jakin behar dugulako, eta orain inoiz baino gehiago, negozio horien etorkizuna, neurri handian, gazteen laguntzaren eta bultzadaren esku egon daitekeela. Horregatik, gaur, Gazte-Bonoak kanpaina berria aurkeztu behar dugu”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak.

Urriaren 1ean abiatu eta hilabete osoan luzatuko den kanpaina, Udalerria suspertzeko Elorrio biziberritzen Plan Integralaren barruan dago. Plana, pandemiak herriko giza, gizarte eta ekonomia esparruetan izan dituen ondorioei aurre egiteko asmoz gauzatu da. Hori dela eta, GAZTE-BONOAK ekimenaren bitartez, 10.000 eurorekin bultzatuko da Elorrioko txikizkako merkataritza, zerbitzu edo ostalaritzako establezimenduetan ondasunak eta zerbituak erostea, alkohol, tabako, loteria edo ausazko jokoak erostea edo kontsumitzea izan ezik.

Kanpaina honen bidez, Udalak gutxienez, 10.000 euroko eragin ekonomikoa izatea aurreikusten du. Hala ere, kopuru hori elorriar gazteek establezimendu bakoitzean kontsumitzen duten kopuruaren araberakoa izango da.

Horrela, Maria Herrero alkateordeak zehaztu duen moduan, “une honetan udalerrian erroldatuta dauden 18 eta 29 urte arteko gazteek, hau da, 1991. eta 2002. urteen artean jaiotakoek, 10 euroko bonoa jasoko dute egun hauetan euren etxeetan, eta herriko saltoki txikietan eta jatetxeetan 12 eurotik gorako erosketak egiteko erabili ahal izango dituzte; ezin izango dira alkohola eta tabakoa erosteko erabili”. Bonoak urriaren 1etik 31ra erabili ahal izango dira, hau da, datorren hilabete osoan. Kanpaina bakar eta berritzaile bilakatzen duena, bonoak trukatzeko sistema da, ez delako “kanpaina orokor” guztiak bezalakoa: gazteek euren etxeetan jasoko dute bonoa; 12 euroko edo gehiagoko erosketa egin eta tiketa gordeko dute, eta ondoren bonoarekin batera aurkeztuko dute Udaletxean edo Iturrin. Horren ostean, diru-sarrera egingo zaie bankuko kontu batean.

Azkenik, udal arduradunek aurreratu dutenez, kanpaina hori amaitzean bigarren bono-denda kanpaina jarriko da martxan. “Ekainaren amaieran jarri genuen martxan bonoen lehenengo kanpaina orokorra, EMErekin lankidetzan, 2.000 bono guztira, eta azaroan bigarren kanpaina abiatuko da”.