Albisteak

 

COVID 19k gure bizitzak astindu ditu. Pertsonen, enpresen, gizarte-eragileen, erakundeen… bizitzak. Pandemiak eragin handia izan du mundu mailan eta baita Elorrion ere. Bizi dugun egoerak erronka handi baten aurrean kokatzen gaitu planeta gisa, lurralde gisa, baina, batez ere, komunitate gisa.

Astinaldi honek, duela hiru hilabete, premiazko erabakiak hartzea eskatu zuen, erakunde publiko guztien erantzun azkarra; baita udalarena ere, ziurgabetasun-une hartan, eta herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izanda, berehala hasi baitzen lanean.

Krisiak pertsonengan, gizartean eta ekonomian eragin handia izan du, eta egoera konplexua izaten jarraitzen du; ziurgabetasuna da oraindik ere protagonista. Haiei aurre egiteko neurriak hartu ahala, errealitate zailagoa aurkituko dugu, ahal bada behintzat, eta horretan jardun beharko dugu.

Krisi-garaian, erantzukizun kolektiboa eta talde-lana ezinbestekoak dira, eta halaxe ulertu dugu udalgobernuko taldetik: inpaktu horiek txikitzeko asmoz, desberdinak izan dira gure udalerrian abian jarri diren neurri eta ekimen publiko-komunitarioak, baina ez dira bakarrak izango.

Filosofia horrekin berarekin, alderdi politiko guztien batasuna bilatu dugu, elorriarren alde elkarrekin lan egiteko helburuarekin; alderdi guztiekin batera lanmahaiak eratu ditugu eta kontrasteak egin ditugu udalerriko hainbat eragilerekin.

Baterako lan hori guztia aurkezten dizuegun planean gauzatzen da, alegia, Elorrio biziberritzeko Plan Integralean. Dokumentu dinamikoa da; bertan jasotzen diren ekintzak bizi dugun egoerari eta etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeen egoerei erantzuteko landu ditugu, denborak behar eta lehentasun berriak markatuko dizkigulako.

Proposatzen ditugun jarduerek ikuspegi hirukoitza dute: bizi dugun egoeraren eragina txikitzea, ekonomia suspertzen laguntzea eta biztanleriasektore sentikorrenak zaintzen jarraitzea.

Ikuspegi hirukoitza, baina ardatz bakarrarekin: bizitza erdigunean jartzea.

Dokumentu errealista ere bada, oinak lurrean dituena, gure ekonomia eta aurrekontu-errealitatea kontuan hartuta, eta udalerriaz gaindiko eremuetatik tokiko beharrak asetzeko ezartzen diren neurriak eta ekintzak une oro kontuan hartuta.

Guztira 21 neurri aurreikusi ditugu, orain arte udalaz gaindiko beste administrazio batzuek hartutako neurriak osatu eta zabaldu nahi dituztenak, eta 705.000 euroko aurrekontua duena.

 Planaren inguruko informazio gutzia (PDF 4.10MB)