Albisteak

 

Elorrioko Zaintza Sarea COVID-19aren hedapenaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren testuinguruan sortu da, haren inguruko alarma-egoera piztu eta berehala hasi ziren antolatzen Elorrioko hainbat lagun, Udalarekin harremanetan jarri eta elkarrekin zaintza-sarea egituratu zuten. Udalaren ordezkari bat eta zaintza-sareko koordinatzaile bat jarri ditugu horren inguruan solasean.

Zer unetan eta nola sortu zen sarea?

Zaintza-sarea: gauza argia da birusak ez duela herritarren arteko bereizketarik egiten, baina bai honen ondorioek. Izan ere, jendarteko pertsona eta sektore batzuk beste batzuk baino zaurgarriagoak dira jasaten ari garen krisi honetan. Une honetan hainbat elorriarrek ez daukate elikagaiak eta botikak beraien kabuz erosteko aukerarik, birusak kutsatuta berrogeialdian daudelako, arrisku-taldeetako kide izanik, kalera irteteko beldur direlako, edota beste hainbat arrazoi direla medio.

Zaintza Sarearen helburua bestelako sarerik ez duten pertsona eta familia hauen beharrei erantzutea da, eta aldi berean, herriaren izaera komunitarioan eta elkar-zaintzan sakontzea, bizitzak eta zaintza bera jendartearen eta eguneroko praktikaren erdigunera ekarriz.

Elorrioko Udala: herritar talde batek berehala egin zuen eskaintza, eta udalak ez zuen zalantzarik izan; egun gutxiren buruan sarea martxan genuen. Herritarren beharrei erantzuteko komunitate antolatu bat martxan zegoen. Argi dago birusak ez duela izenik baina bai abizenik; beste edozein krisi-egoeratan bezala, kolektibo ahulagoak daude, eta erakundeek eta gizarteak horiei erantzun behar diegu. Eta instituzio-gizarte harreman hori kontuan hartu eta balioan jarri dugu.

Zenbat boluntariok osatzen du sarea, eta nola antolatzen da?

ZS: Boluntarioen zerrenda 10 pertsonakoa da une honetan, eta beste bi pertsona aritzen gara bitartekari.

Bitartekarien lana udaltzaingoaren eta boluntarioen artekoa da. Astelehenetik larunbatera, eguerdiko 12.00etan eskaeren berri jasotzen dugu udaltzaingora deituta, eta laguntza eskaria egiten duten pertsonekin kontaktuan jartzen gara beraien beharrak zein diren jakiteko. Honen arabera, boluntarioekin harremanetan jartzen gara.

Herritar askok adierazi digute boluntario izateko nahia, eta beharren arabera, taldea handitzeko aukera ez dugu baztertzen, baina boluntario kopurua oso handia izatea ere ez da komeni, zenbat eta pertsona gehiago bueltaka ibili, kutsatzeko eta kutsatuak izateko aukerak ere orduan eta handiagoak baitira.

Boluntarioek segurtasun neurriak zorrotz bete behar dituzte, eta bitartekariek zerbitzu bakoitza erregistratzen dute, kutsaturen bat gertatuz gero, non eta nortzuk izan diren identifikatu ahal izateko.

EU: Hasiera batean, izan genezakeen eskaria dimentsionatu behar izan genuen, eta horren arabera taldea antolatu. Alde batetik, boluntario guztien segurtasuna bermatzea zegoen, baina, era berean, antolaketaren eraginkortasuna ere kontuan hartu behar zen. Horregatik taldea ez da oso handia izan… eta gauzak oso ondo ateratzen ari dira.

Esan dan bezala, sare honetan parte hartzeko nahia erakutsi duten herritar askoren prestutasuna nabarmendu nahiko genuke, bereziki jende gaztearen erantzuna; ikaragarria izan da. Eskerrik asko, benetan.

Nola gauzatzen da Zaintza Sarearen eta Udalaren arteko koordinazioa

ZS: Bien arteko harremana egunerokoa da, alde batera zein bestera, beharrizanik badago, berehala erantzuten da.

Gurutze Gorriarekin ere batu ginen berehala, prozedurak azaldu zizkiguten eta segurtasunerako materiala eman ziguten. Gaur egun, beraiek identifikatuta dauzkaten kasuen berri ematen digute, eta eskari horiek ere Zaintza Saretik kudeatzen ditugu.

EU: Bai, koordinazioa etengabekoa eta zuzena da. Taldeak egunero jakinarazten dizkigu eskaerak eta haien ezaugarriak. Zalantzak edo arazo txikiak izanez gero, erabakiak partekatu egiten dira, eta horren arabera jokatzen da.

Zein da sarea erabiltzeko prozedura? Zer egin behar du premiaren bat duen pertsonak?

Zaintza Sarearen laguntza jaso nahi duen pertsonak udaltzaingora deitu behar du, 94 682 02 18 telefonora. Udaltzainari bere datuak helarazi beharko dizkio: izen-abizenak, helbidea eta kontakturako telefono bat.

Eguerdiko 12.00etatik aurrera, erabiltzaileak bitartekariaren deia jasoko du. Dei horretan, erabiltzaileak jaso nahi duen zerbitzua adierazi behar du, eta bere osasun egoeraren berri eman.

Bitartekariak ekimen honen funtzionamendua eta hartu beharreko segurtasun neurriak azalduko zaizkio.

Ondoren, bigarren dei bat jasoko du, kasu honetan boluntarioarena. Enkarguaren trukea eta ordainketa nola egingo duten adosteaz gain, erosketarako zerrenda zehatza eta farmaziako botikak erosi ahal izateko TIS zenbakia jakinarazi behar dizkio erabiltzaileak boluntarioari.

Zaintza Sareko zerbitzua astelehenetik larunbatera bitartekoa da, eta eguerdiko 12etatik aurrera egiten diren eskaerak hurrengo egunean kudeatzen dira.

Eta segurtasun neurriak zorrotzak izango dira…

Boluntarioek egunero gorputz tenperatura hartu eta sintomak kontrolatzen dituzte beraien osasuna zein den jakiteko.

Eskularruak eta maskaratxoa erabiltzen dituzte zerbitzu guztian zehar, eta trukea egiterakoan 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzen dute. Enkargua etxeko ate inguruan uzten da.

Ordainketa unean bertan egiten denez, eskatzaileak sobretxo batean sartu behar du zenbatekoa eta etxe atarian utzi.

Behin prozedura amaituta, bai eskatzaileak eta baita boluntarioak ere eskuak garbitu behar dituzte.

Prozedura bestelakoa da eskatzaileak berrogeialdian badaude. Kasu hauetan eskatzaileak eta boluntarioak ez dute elkar ikusten. Etxeko atean uzten da enkargua eta boluntarioa ataritik atera arte, eskaera egin duen pertsonak ez ditu produktuak jasotzen. Kasu hauetan, ordainketa berrogeialditik irtendakoan egiten da, kontaktu zuzena eta kutsatzea saihesteko.

Alarma egoera piztu zenetik, zenbat jendek erabili du zaintza-sarearen zerbitzua? Eta zer egoera dira nabarmenak?

Lehenengo eskaria martxoaren 20an jaso genuen, eta apirilaren 15era bitarte, 36 eskaera jaso ditugu, 21 etxetatik.

Lehenago aipatutako kasuak dira gehienbat: berrogeialdian dauden familiak, kalera irteteko beldur diren arrisku taldeetako pertsonak, konfinamenduaren ondorioz familiaren asistentzia jaso ezin duten adineko pertsonak, beraien ohiko botikak jasotzeko farmaziara hurbildu ezin direnak, eta baita elikagaien bankuko erabiltzaileak ere, oinarrizko elikagaiak jasotzera hurbildu ezin izan direnak.

Harreman berezia eta berria sortu du egoera honek, nolako harrera izan du?

Hasierako 4-5 egunetan ez genuen eskaerarik jaso, zerbitzua martxan egon arren, oraindik ere jendeak ez zeukalako honen berri. Apurka-apurka zerbitzua ezagutzera ematen joan da, eta aldi berean baita egonkortzen ere. Astero-astero erabiltzaile berriak gehitzen doaz, eta hainbatek errepikatu ere egiten dute, beraz, horrek adierazten digu beharra badagoela, eta harrera ona izaten ari dela. Jendeak esker onez erantzun du.

Beste herri batzuetan ere jarri dira martxan halako ekimenak, harremanik baduzue?

Elorrioko Zaintza Sarea sortzeko prozesuan oso erabilgarria egin zitzaigun beste herrietako esperientziak ezagutzea, ordurako hainbat herritan sortuak baitziren jadanik Zaintza Sareak: Durango, Berriatua, Oiartzun, Gasteiz… beraien protokoloak eta egiteko moduak ezagutzea lagungarria izan zen gure Zaintza Sare propioari forma emateko. Gaur egun Euskal Herriko herri, hiri eta auzo gehienek dituzte beraien sareak martxan, badaukagu beraien berri baina ez gaude modu iraunkorrean koordinatuta, herri bakoitzak ezaugarri eta testuinguru propioei erantzun behar die.

Dena da berria, jarduteko modua, harremanak… Ezer aipagarri edo nabarmentzekorik?

ZS: Ezohiko egoera honetan, orotariko egoerekin topo egiten ari gara. Telefono dei batzuk dibertigarriak dira benetan, xamurtasunetik eta enpatiatik partekatzen diren barrez eta konplizitatez beteak. Berez-berez eta espero baino naturaltasun handiagoz harremanak sortzen ari gara; telefonoz beste aldean entzuten den ahotsa gertuko sentitzen da gehienetan, bizi-premia indibidualak, herriaren lehentasun bihurtu nahi izan ditugun honetan.

Txanponaren beste aldean, egoera lazgarriekin topo egiten ari gara. Bakarrik bizi eta sentitzen den adineko jendea, senitartekoak eta lagunak ikusi ezin dituztelako triste daudenak, makuluaren laguntzaz ere ozta-ozta mugitu daitezkeenak, birusaren sintomek ahulduta dauzkaten pertsonak…

Bizitzen sostengua, osasuna, oreka afektiboa, ehundura soziala, babesa, entzute kolektiboa, elkartasuna, zahartzaro duina,… ezohiko egoera honetatik kanpo, erreparatzen al diegu?

Ezohiko larrialdi batek bultzatuta sortu den sare honek jendartearen egoera orokorraren korapilo batzuk baino ez ditu askatzen; egoera honek argitara atera dituen premiak, tamalez, ez dira anekdotikoak; birus hau behar hauen bozgorailu bat baino ez da, lehenago isilpean zeuden soinuak entzungarri bihurtu dituena. Anekdotatik urrun, behar hauek errealak baitira.

Osasun krisi hau amaitzen denean, galdera berri bati erantzuna bilatu beharko diogu: hemendik aurrera zer? Sortzen gabiltzana ez dadin anekdota bat izan, jarrai dezagun herria ehuntzen.

EU: Askotan esaten dugu gure txikitasunetik gauza handiak egin daitezkeela, eta hau adibide argia da.

Egunerokoan, gure egunerokotasunean, ez dugu aukerarik (ezta asmorik ere batzuetan) hor, ate ondoan dauden errealitateak, bizitzak, pertsonak ezagutzeko. Eta, ziurrenik, hainbat esparrutatik egiten den lana ere ez dugu ezagutzen. Baina udalarentzat eta lehen aipatu dugun komunitatea osatzen duten beste erakunde batzuentzat, errealitate horiek ez dira anekdota hutsak.

Kainabera, Caritas, osasun-zentroko langileak, udaleko gizarte-zerbitzuen arlokoak eta guretzat, eguneroko lanaren arrazoi dira; beharbada, ez dira oholtza gainean egiten dena, isilean egiten da, anplifikadore barik … baina hor gaude.

Eta hemendik aurrera zer?... ba jarraitu; lanean jarraitu, gertatzen ari denaz ikasi eta hobetu.. Ezin dugu egoera honek herriari, herri gisa, eman digun aukera galdu; sareak ehuntzen jarraituko dugu, herria ehuntzen, komunitatea sustatzen… Elorrion badakigu egiten, Elorriok erakutsi du.