Albisteak

 

Elorrioko Udala neurri berriak lantzen ari da alarma egoera honen ondorioz itxita egon behar duten saltegi, taberna, jatetxe eta autonomoei laguntzeko. Neurri horietako lehenari esker, kalea okupatzeagatiko eta zaborrengatiko tasarik ez dute ordaindu behar izango saltegi, taberna, jatetxe eta autonomoek euren negozioak itxita dauden bitartean, ez eta asteroko merkatura etorri ezin diren postuetako jabeek ere. Gainera, 40.000 euroko laguntza bideratuko da kolektibo horiei laguntzeko.

Beste alde batetik, Udalak beste 20.000 euro bideratuko ditu –aurreko urteetan baino 10.000 euro gehiago– erosketa-txartelen bi kanpaina martxan jartzeko. Kanpaina horiek herriko merkatarien EME elkartearekin batera lantzen ari dira eta konfinamendu-aldia gainditu eta nolabaiteko normaltasunera itzultzen garenean, tokiko ekonomia berpizten laguntzea dute xede. Kanpaina horien xehetasunak eta datak aurrerago jakinaraziko dira.

Neurri horiek guztiak martxan jartzeko, 70.000 euro erabiliko ditu Udalak, eta lanean jarraituko du unean uneko egoera aztertu eta herriko ekonomian izaten ari den eragina leuntzeko bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzeko.