Albisteak

 

Alarma egoera honetan, Elorrioko Udalak hartu duen azken neurria udal-argiteria doitzea izan da; udal-eraikinak itxita daudenez, eta kalean jende gutxiago dabilenez, argiaren erabilera egoera berrira doitu nahi izan du horrela. Erabaki honek ondorioz, itxita dauden udal eraikinetan argindarra eten eta berogailuak deskonektatu dira; eta kaleko argiteriari dagokionez, argia bermatu egingo da, baina herriko zenbait puntutan argia eten egingo da, eta beste puntu batzuetan, horretarako aukera egonez gero, intentsitatea jaitsiko da.

Hortaz, atzodanik etenda daude Plazako frontoiko fokuak, Berazarreko eta herriko beste parke batzuetako farolak deskonektatu dituzte eta baita herrian dauden fokuak ere, Kurutziagako (Besaide) bidegurutzean daudenak esaterako. Kale argiteriari dagokionez, programazioa ordubete atzeratuko da eta, ahal den guztietan, 23:00etatik aurrera argiaren intentsitatea jaitsiko da.

Idoia Buruaga alkateak argitu du “kale argiteria doitzearen ideia herritar batek helarazitako proposamen batetik sortu da, eta ideia oso interesgarria iruditu zaigunez, segituan lanean jarri gara. Udala oso eskertuta dago herritarrak izaten ari diren jarrerarekin eta helarazten ari diren proposamen eta elkartasun keinu guztiekin”.