Albisteak

 

Udala hasi da, Kainabera elkartearekin batera, janari-sortak prestatzen eta bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonei telefono deiak egiten. Besteak beste, neurri horiek hartu zituen Udalak joan den astelehenean, egoera berri honen aurrean zaurgarri izan daitezkeen udalerriko familien eta pertsona nagusien premiak asetzen laguntzeko.

Ikastegien eta, ondorioz, jantokien itxierak egoera zailagoan utzi dituen 43 familia identifikatu ditu Udalak, eta datorren astean hasiko dira haientzako janari-sortak banatzen.

Horrez gain, bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonei telefono deia egin diete udaletik, eta joan den asteazkenean hasi ziren 70 urtetik gorakoei gutunak banatzen.

Telefono-deiek oso harrera ona izan dute eta jendea oso eskertuta agertu da; izan ere, dei horien bidez, pertsona horien egoeraren berri jasotzeaz gain, behar dutenerako laguntza eskaini die udalak, baina egiaztatu ahal izan da pertsona horien premia nagusiak aseta dituztela ingurukoen eta etxekoen bidez eta, beraz, ez dutela laguntza sarearen premiarik.

Aipatu laguntza-sarea joan den astelehenetik dago martxan, baina ez da egon, oraingoz, eskaerarik. Udalak, hala ere, gogorarazi nahi du laguntza behar duen edozein herritarrek 94 682 02 18 telefono zenbakira dei dezakeela.