Albisteak

 

1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Hala ere, ez da nahikoa, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun: eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lanerrealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazioegoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerriaren pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakumekolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Elorrioko Udalak konpromiso irmoa adierazten du, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzeko udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:

1. Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.

2. Kontratazio publikoan berdintasun-klausulak eta beste klausula sozial batzuk txertatzeko hasitako bideari jarraitzea.

3. Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste, ondokoak jasoz:

  • Familian egiten diren zaintzen analisia (ume eta mendekotasuna duten pertsonena), gabeziak, bete gabeko beharrak eta hobetu beharrekoak identifikatuz eta aurre egiteko neurriak abiatuz, kasu:
    • Udalerriko zainketen egoerari buruzko diagnostiko partehartzaile bat egitea, tokiko gizarte-eragileekin, zainketen esparruari lotutako elkarte-sarearekin, eta arreta berezia jarriz sektoreko langileen parte-hartzean.
    • Zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea.
    • Zaintza behar edo eskaintzen dituzten pertsonen arteko harremanak erraztea.
    • Nagusiki emakumeek egindako zaintza lanei balorea emateko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea, baita gizonek erantzukidetasunaren gainean kontzientzia hartzeko jarduerak ere.
    • Zaintza rolen gaineko emakumeentzako ahalduntze jarduerak abiatzea.
    • Gazteei zuzendutako rol parekideen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik.

Zainketei dagokienez, Elorrioko Udalak bizilagunen bizitza eta ongizatea mantentzeko ezinbesteko ondasun komuntzat jotzen ditu, bai eta sistema sozio-ekonomiko osoaren oinarria den ugalketa-ekonomiaren funtsezko ardatzat ere.

4. Tokiko arauak arian-arian artikulatzea politika feministak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.

5. Udalerriko emakume guztiek eta kolektibo feministek parte har dezaten bideak erraztea, bai diseinuan, bai identifikatutako ekintzen ebaluazioan, betiere haien iritzia kontuan hartuta.

6. Elorrioko Udal honek 2015ean berretsi zuen Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako ardatzak bere egiten jarraitzen du.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta Elorrioko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.

Elorrio, 2020ko martxoaren 5a