Albisteak

 

Zaldibarko hondakinen zabortegiko gertakari larriak ingurumen-hondamendia dakar berriro ere, bi bizitzaren galerarekin, gainera. Inguruko ingurumenean eragin larria du, eta Zaldibarko eta inguruko udalerrietako (Ermua edo Eibar) biztanleen osasunean eta eremu horretan lan egin duten eta lan egiten jarraitzen duten langileen segurtasunean eragina izateko besteko gaitasuna du.

Horregatik guztiagatik, Elorrioko Udalak honako hau adierazi nahi du:

  1. Zaldibar-Eitzagako zabortegian gertatutakoa ingurumen hondamendia dela adierazten dugu.
  2. Desagertuta jarraitzen duten bi langileak ahalik eta lasterren aurkitzeko bilaketa-lanak seriotasun eta segurtasun osoz egiteko baliabide guztiak jartzeko eskatzen dugu.
  3. Biktimen senitartekoei eta hurbilekoei gure aldekotasun osoa adierazi nahi diegu, eta behar dituzten baliabide psikologiko eta juridiko guztiak, bai eta osasun eta babes alorrean behar dituztenak ere haien eskura jartzeko eskatzen dugu; halaber, haien interesekoa izan daitekeen informazio guztia helaraziko zaiela bermatzeko ere.
  4. Hondakinen kudeaketaren arloan dagoen kontrolik eza ere salatu nahi dugu; izan ere, material arriskutsuak isuri daitezkeen hondakin geldoen zabortegiak daude, administrazio eskuduna jakinaren gainean egon ala ez, eta halako jardunak ez dira zigortzen. Berezi eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari zabortegien gainean jarraipen zehatza eta benetako kontrola egin dezala.
  5. Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu amiantoa, lindanoa edo bestelako substantzia toxikoak izan ditzaketen hondakindegiak azter ditzala, eta jendaurrean ager ditzala zabortegi horien zerrenda eta dagokien txostena.
  6. Herrialde honek pairatzen duen laneko ezbehar kopuru onartezina eta segurtasunik eza salatzen dugu. Horren froga da Euskal Herrian aurten 12 hildako eta bi desagertu egon izana.
  7. Gure kezka agertu nahi dugu datozen asteetan hondakinek Zaldibarko zabortegiko airean eta inguruko uretan eta mugakide diren udalerrietan izan dezaketen eraginagatik.
  8. Konpromisoa hartzen dugu ingurumenerako halako erasoak errepika ez daitezen neurriak hartzen jarraitzeko, horrelako gertakariak prebenitzeko beharrezkoak diren prebentzio- eta kontrol-jarduerak garatzeko eta erantzuleek zigorgabetasunez jardun dezaten eragozteko
  9. Zaldibarren gertatutakoari erantzunez Euskal Herri osoan gauzatu diren protestekin bat egiten dugu, baldin eta modu baketsuan gauzatzen badira.