Albisteak

 

Azaroaren 25a (Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, indarkeria mota honen egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.

Biktimen erreparazioak berekin dakar eskubide-urraketa bizi aurreko egoera berdina lortzeko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik sendatzea. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar da, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Horren ildotik, Berdinsareako (Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea) udaletako berdintasun-teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa da, udaletan ekintzarako orientazio eta irizpide
komunak eskaintzeko, batez ere, udal txikienetan. Hain zuzen, erreparazioari dagokionez, Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari dira, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal dezaten, udal eskumenaren esparruan.

Ez dugu ahaztu behar, Euskal Herrian, aurten, 4 emakume erail dituztela emakume izateagatik, azkena hile honetan bertan; eta, gainera, jakin badakigu indarkeria matxista emakumeen egunerokotasunean era desberdinean adierazten dela: bai adierazpen mota desberdinetan (fisikoan, ekonomikoan, balore kulturaletan…) bai espazio desberdinetan (etxean, enplegu-esparruan, sare sozialetan, komunikabidetan…), era normalizatuan eta ezkutuan.

Elorrioko Udalak, nahiz eta lanean ari, tinkoago jardun behar du indarkeria matxista jasaten duten emakumeak subjektu aktiboa izan daitezen, kaltearen erreparazioa bermatzeko, zerbitzuetara irisgarritasuna eta disponibilitatea hobetzeko, indarkeria kasuak koordinatzeko eta arreta hobe egiteko, besteak beste. Ezin dugu ahaztu, oraindik orain, Elorrio ez dela indarkeria matxistarik gabeko herria.

Tokiko gobernuek konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi dugu, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu, honela

  • Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarrita, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
  • Langile espezializatu eta kualifikatuak edukita, erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin.
  • Erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan eginez.
  • Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatuz, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratzeko, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatzeko.

Horregatik guztiagatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena. Bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

  1. ELORRIOKO UDAL HONEK justizia sistemari genero-ikuspegia txertatzeko pausuak ematea eskatuko dio, justizia patriarkalaren ondorioz dauden sententziak saihesteko; horretarako, Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenari adierazpen hau bidaliko zaio.
  2. ELORRIOKO UDAL HONEK “Durangaldean emakumeen kontrako indarkeria kasuetan jarduteko eta koordinatzeko II. Protokoloa”ren markoan, indarkeria matxistaren adierazpen guztiei erreparatzeko baliabideak sortuko ditu, zerbitzuen funtzionamendua, elkarlana eta koordinazioa egokiak izan daitezen behar besteko errekurtsoak jarriz.
  3. ELORRIOKO UDAL HONEK, indarkeria matxistaren prebentzio integrala bermatze aldera, udal sail guztietan genero-ikuspegia txertatzea ahalegin berezia egingo du hurrengo hilabetetan.
  4. ELORRIOKO UDAL HONEK neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako boteretze-jarduerak programatzen jarraituko du, emakumeen kolektibo bakoitzaren errealitatetik abiatuz. Horretarako, Udalak kolektibo horiekin ditugun sareak sendotzen jarraituko dugu.
  5. ELORRIOKO UDAL HONEK bat egiten du Elorrioko Emakume eta Feminista taldeekin, biolentzia matxistarik gabeko Elorrio demokratiko bat eraiki arte, beraien alboan eta bakoitza bere eremutik
  6. ELORRIOKO UDAL HONEK bat egiten du emakume eta mugimendu feministak AZAROAREN 25erako deitutako mobilizazioekin, eta elorriarrei ere dei egiten die mobilizazio horretan parte har dezaten.

Adierazpen instituzionala ikusi (PDF, 902KB)