Albisteak

 

Elorrioko Herri Ikastetxeko Haurreskolako eraikina, eraikin zaharra da, eta denborarekin, gabezia funtzional eta arkitektoniko nabarmenak sortu dira. Eraikin horretan, alde batetik Haurreskolen Partzuergoaren mende dagoen Haurreskola dago; eta beste alde batetik, Hezkuntza Sailaren mende dagoen 2 urtekoen gela. Horrek elkarbizitza baldintzatzen du, eta antolakuntzan disfuntzioak eragiten ditu. Gainera, Haurreskolako psikomotrizitate-gela gisa Musika Eskolako bi gela erabiltzen dira, eta gora-behera horiek guztiak konponbidean jartzeko, diagnosi sakona egingo du Udalak.

Diagnostiko horren barruan eraikuntza bera aztertuko dute, alderdi funtzionaletik, urbanistikotik, eta ingurumenaren ikuspegitik, egungo benetako egoera zein den jakiteko. Alderdi funtzionalean eraikinak zer funtzio bete behar duen eta egun dauden gabeziak nola konpon daitezkeen ondorioztatuko da. Espazioak edo funtzioak nola berrantola daitezkeen aztertuko dute, espazioa baliagarria den ala ez erabakitzeko, eraikin alderdi funtzionaletik egokia ez bada, azterketa arkitektonikoak argituko du zer moldaketa egin daitezkeen. Alderdi arkitektonikoan, eraikinaren egungo egoera, kokapena, itxiturak, instalazioak (aireztapena, berogailuak, ur beroa) eta erabiltzaile eta irakasleen beharrizanetara egokitzeko zer behar duen aztertuko dute, bai eta eraikinak berak birmoldaketarako eskaintzen dituen aukerak ere. Alderdi estrategikoari dagokionez, berriz, eta aurreko biekin batera, Herri Eskola – Musika Eskola- Herri ikastetxea eraikin multzoaren ikuspegi osoa lortzea da helburua; birmoldatu beharreko eremua izanik, udalaren ikuspegi estrategikoarekin bat egin dezan.

Azterlan horrek guztiak diagnostiko oso eta osatua emango du, eta aurrera begira hartu beharreko erabakiak hartzen lagunduko du, eta horren arabera idatziko da eraikinaren inguruko proiektua.

“Lehen urratsa ematen ari gara; lehen pauso garrantzitsua Haurreskola berria errealitate bihurtzeko. Diagnostiko honekin gaur egun daukagun haurreskolaren argazkia izango dugu, oinarri izango dena proiektua gauzatu ahal izateko. Eta argazki hau hezkuntza komunitateak aterako du: Haurreskolan inplikatuta dauden eragile guztiek hartuko dute parte prozesu honetan”, azaldu du Maria Herrero alkateordeak.