Albisteak

 

Joan den ekainean hasi zituzten lanak, agindu bezala, amaitu, eta aldagela eta hiru ikasgela berri izango dituzte aurtengo ikasturtean institutuan.

Idoia Buruaga alkateak adierazi duenez “azken urteetan gauza asko egin dira eskola inguruan, baina etorkizunerako ikuspegi orokorrik gabe, momentuko beharren arabera”; horren aurrean, “proiektu orokorra egitearen premia ikusi genuen eta inguruari osotasunean ekitea pentsatu genuen” azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Honako lan hauek sartu ziren proiektuaren barruan: San Jose kaletik doan eskola-bidea sortu, segurtasuna emanez; errugbi-zelaiko harmailak eta aldagelak; ikastegi atzeko irisgarritasuna hobetzea; erabilera askoko eraikinean komunak atxiki; estalpe bat; txintxaunen gune berria eta Lehen Hezkuntzako eraikinera joateko bidea oinezkoentzako bide naturala egokitzea.

Eskolarako bidea aurtengo udan amaitu dute, eta orain, berriz, institutuko sotoko solairu osoa berrantolatu eta bertan kokatu dituzte institutuko ikasleek eta errugbi taldekoek erabiliko dituzten aldagelak. Horrez gain, 3 gela berri ere eraiki dituzte.

Gauza gehiago ere badago, ordea, eta falta diren lanetako batzuk joan den astean bertan esleitu zituen Udalak: alde batetik, erabilera anitzeko eraikinari komunak eta garbiketa-tresnak gordetzeko biltokia atxikiko zaizkio, eta bestetik, Lehen Hezkuntzako eraikinaren sarreran oinez bidea egokituko da.