Albisteak

 

Hainbat ekimen jarri ditu abian Elorrioko Udalak azken urteetan adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Honakoan, Nagusi Aktiboen Jantoki Programa jarri du martxan 2019ko urriaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra arte elkarren arteko harremanak eta bizikidetza bultzatzeko eta, aldi berean, adinekoen alderdi fisikoa eta emozionala hobetzeko.

Egitasmoak irauten duen bitartean, Elorrioko zenbait jatetxetan eguneko menua kontsumitzeagatik diru-laguntza jasoko dute baldintza jakin batzuk betetzen dituzten 80 urtetik gorako pertsonek.

Beste alde batetik, Udalak aintzat hartzen du, gainera, ekimen honek atxikitako jatetxeetan izango duen eragin ona.

Egitasmoa zertan datzan
Ekimen honi atxiki zaizkion Elorrioko jatetxeetan (Batzokia, Guria, Katxarro, Kotxero eta Tanger) eskaintzen dituzten eguneko menuen zenbatekoaren parte bat lagunduko du diruz Udalak, pertsona bakoitzaren pentsioa eta familia-unitateko pertsona kopurua kontuan hartuta.

Datu horiek ikusita, bi taldetan banatuko dira erabiltzaileak, eta horren arabera jasoko dute laguntza:
A erabiltzaileak 6,00 euro jasoko ditu gehienez menu bakoitzeko, eta gainerakoa berak ordaindu beharko du menuaren prezioa osatu arte.

B erabiltzaileak, berriz, 4,00 euro jasoko ditu gehienez menu bakoitzeko, eta menuaren zenbateko osoa osatu arteko aldea ordaindu beharko du.

2020ko maiatzaren 31ra arte, guztira, 22 menu kontsumitu ahal izango ditu erabiltzaile bakoitzak.

Programa honen onuraduna izateko, ezinbestekoa da Elorrion erroldatuta egotea eta programak irauten duen aldian 80 urte betetzea edo nagusiagoa izatea. Interesa duten pertsonek eskabide orria bete behar dute udaletxean.