Albisteak

 

Enplegurako Orientazio Zerbitzua jarriko du martxan Zabaltzen-SARTUk Elorrioko Udalaren babesarekin eta LANBIDEren laguntzarekin. Zerbitzua urriaren 16an hasiko da, eta langabezian dauden edo, lanean, baina lanpostu hobea lortu nahi duten pertsonei laguntzea du xede. Pertsona horiek, arlo profesionalean zein pertsonalean, hovera egin dezatela sustatu nahi da horrela.

Besteak beste, honako baliabide hauek izango dituzte eskura zerbitzu horren erabiltzaileek:

  • LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuan parte-hartzaileek sartuta dituzten datuak, lan-eskaera eta CVa berrikustea eta, hala badagokio, eguneratzea/aldatzea.
  • Enplegurako banakako diagnostikoa, parte-hartzaileen egungo abiapuntua kontuan hartuz.
  • Enplegua lortzeko Ibilbide Pertsonalizatua (EIP) eratzea eta martxan jartzea. EIP hauek parte-hartzaileen egoera hobetzen dituzten ekintza zehatzez osatuta daude.
  • Parte-hartzaileak laguntzea haien EIPak gauzatzerakoan.
  • Irakaspena, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria CVa osatzeko eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.
  • Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa eskaintzea.
  • Enplegua aktiboki bilatzeko tekniketan aholkularitza eta parte-hartzaileen erabilera: Zerbitzu honen bidez, parte-hartzaileek besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoei, teknikei eta tresnei buruz oinarrizko erabilera eta informazioa jasoko dute. Zerbitzu honek, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialak erabiltzeko aholkularitza barne hartzen du. Beharrezkoa izanez gero, parte-hartzaileak Zabaltzen-SARTUko auto-enplegurako eta enpresa-sorkuntzarako zerbitzura bideratuko dira.
  • Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.
  • Enpresek kontratatzeko eta laneratzeko tresnei eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.

Laura Agudiña, zerbitzuko orientatzailearen hitzetan, "oso garrantzitsua da zerbitzua herritarrei hurbiltzea, orain arte bezala Durangora jo beharrean etxe ondoan edukitzea oso mesedegarria da herritarrentzat. Zerbitzuaren helburua pertsonen abiapuntua kontuan hartuta bidea erakustea da, baliabide guztiak eskura jartzea. Era luzaroan langabezian daudenek, esaterako, asko eskertzen dute norbait haiek motibatzeaz eta laguntzeaz arduratzea. Gainera, enpresekin bitartekaritza-lana egiten dugunez, orientatuak eta enpresak harremanetan jartzen ditugu, eta hori oso garrantzitsua da".

Zerbitzu hau EAEn bizi eta LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuan aldez aurretik izena emanda dagoen edozeinek erabili ahal izango du. Zerbitzua erabiltzeko, aldez aurretik lotu behar da hitzordua.