Albisteak

 

Elorrioko Udalak, EROSKI Fundazioak eta Kainabera elkarteak gaur goizean berritu dute Elikagaien Banaketa Programarako lankidetza hitzarmena. Hitzarmen hau, lehenengoz orain dela lau urte sinatu zena, indarrean egongo da 2019 urte osoan zehar eta  hilero banatuko dituzten elikagai loteen bidez Elorrioko familia batzuek bizi duten momentu latza ahal den neurrian leuntzea du helburu.

Bost urtetik honantz Elorrioko familia behartsuenentzat laguntza Bizkaiko Elikagaien Bankutik dator -Europa Batasuneko programa baten bidez- munduko pertsona eta gizarteen giza garapen jasangarriagoa lortzeko bidean laguntzen duen KAINABERA elkartearen inplikazioari esker. Hitzarmen honen bidez elikagaiak edota produktuak erosteko ardura izango du eta ondoren jasotakoa eta erositakoa Elorrioko familien artean banatzeko. Horrela, 2018 urtean, Elorrioko Udalak, batez beste, premian dauden 15 familiari laguntza emon die hilero Kainabera Elkartearen bitartez.

Sinatutako hitzarmenak Udalak eta Kainabera elkarteak elorriar behartsuenei laguntzeko erronkan EROSKI Fundazioak sei mila euro emoteko hartutako konpromisoa jasotzen du. “EROSKI Fundazioaren helburuetako bat elkartasuna da. Horretarako, gure kabuz aritzen gara edo baita lankidetza hitzarmen bidez, gaur sinatutakoa adibidez. Hitzarmen hauek gure inguruko pertsona behartsuenei laguntzen aritzen diren erakundeekin, elkarteekin edo gobernuz kanpoko erakundeekin sinatzen ditugu. Gizarte justuagoa eta solidarioagoa lortzen laguntzea da EROSKIren helburuetako bat kontsumo kooperatiba den aldetik,” dio EROSKI Fundazioaren zuzendariak, Alejandro Martínez Berriochoa jaunak.

Elorrioko Udala izango da laguntzak bideratzeko arduraduna objektibotasuna eta ez diskriminazioaren premisen pean. Beste alde batetik, Bizkaiko Udal honek KAINABERA elkartearen esku 40 metro karratuko lokal bat jarri du Galartzauria kaleko 1ean, elikagaien banaketa bertan egiteko, eta gainera aurrekontuetan diru-izendapena egiteko konpromisoa hartu du laguntza behar duten familia behartsuei behar dutena elikagaien loteetan sartu ahal izateko, benetan dituzten premiak asetzeko asmoarekin.
Alde honetatik, Elorrioko alkateak, Idoia Buruagak, esan du “EROSKI Fundazioaren eta Udalaren borondatea alferrikoak izango ziren KAINABERAk egiten duen guztia barik. Honen beharra proiektu honetan azpimarratzekoa da, beraiek banatzen baitute laguntza benetan behar dutenen artean.”

Bere aldetik, Juan María Lersundi Gacetabeitiak, KAINABERAko buruak eskerrak emon gura izan dizkie “EROSKI Fundazioari eta baita Elorrioko Udalari emondako laguntzagatik. Eurei esker erosi eta banatu ahal izango ditugu behar diren elikagai guztiak Elorrioko familia behartsuen artean krisiaren eraginak arintzeko”.