Albisteak

 

Eguraldi onarekin batera, udako igerilekuen prestaketan hasi da dagoeneko Elorrioko Udala. Instalazioak ekainaren 10etik irailaren 15era bitartean irekita egongo dira, eta dagoeneko denboraldi berrirako abonua lortzeko epea ireki dute udal arduradunek.

Zerbitzua hobetu asmoz, eta kirol instalazioetan eginiko kudeaketa aldaketaren ondorioz, Udalak hainbat beherapen txertatu ditu bonoen prezioetan. Orain arte, beherapen horiek kiroldegiko abonu integrala zutenentzako eta 65 urtetik gorakoentzako ezartzen ziren, eta, hemendik aurrera, 18 urtetik beherakoek eta kiroldegiko igerilekuetan abonua dutenek ere izango dute aukera hori. Horrez gain, instalakuntzetan ere hainbat hobekuntza egingo dira.

“Igerilekuak ireki zirenetik, erabiltzaileen beharrak asetzeko hobekuntzak egiten joan gara urtero. Bide horretatik jarraitu nahi dugu, eta kirol instalazioetan eginiko kudeaketa aldaketak ate berriak irekitzen dizkigu”, azaldu du Dani Palacios Kirol zinegotziak.

Abonua kudeatu nahi duenak, kiroldegiko bulegora edota 946 82 10 27 telefonora deitu ahalko du.