Albisteak

 

Bizkaiko Foru Liburutegiak sustatu du «Muga» deritzon proiektua. Lanak bi adar dauzka: argazki-erakusketa eta liburua. Lehenengo erakusketa Foru Liburutegiko Areto Nagusian egin zen, 2018ko martxoaren 15etik apirilaren 30era. Bigarrenez, eskualdean erakutsiko da, hain zuzen ere, Elorrioko Iturri Kultur Etxean urtarrilaren 7tik 31ra bitartean.

Elorrion eratutako erakusketan ere Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak egongo dira ikusgai; zehazki, erakusketaren komisarioa eta argazkilaria den Jesus Mari Arruabarrenak zuri-beltzean egindako berrogeita hamar argazki.

Autoreak kartografia fisiko eta emozionala egin du lan horren bitartez, eta, paisaiaz gainera, bere barruari ere erreparatu dio ibilbide horretan.

Liburuak ardatz bi ditu oinarri: Orson Welles-en «Pays Basque» dokumentala, eta argazkilariak egin duen bidaia, hain zuzen ere, mugaren trazatuari eta Wellesen beraren pausoei jarraituz.

Ukitutako gaiak: Comète Sarea, Vallespín Gotorlekua, Erronkariko Enarak, kontrabandoa eta abar.

Lan honen helburuak honako hauek dira: erakutsi izaera propioa duen komunitate bat, mugak banatuta dagoena; iradoki irudien bidez Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetako bizimodua; eta lekukotza eman hurbileko historiari buruz.

Elorrioko Udalak antolatzen duen erakusketa hau goizeko 9:30etik gaueko 21:00ak arte zabalik egongo da urtarril osoan zehar eta bisita gidatu bi eskaintzen dira artistaren eskutik gidatuta: 15ean euskaraz eta 21ean gaztelaniaz. Biak arratsaldeko 7etan izango dira eta ez da beharrezkoa aurretiaz izena ematea.