Albisteak

 

Elorrioko Udalak 2019rako Aurrekontuak onartu berri ditu EH Bildu eta SQ-2Dren aldeko bozkekin. Modu horretan, hurrengo urterako inbertsioetarako diru atalak zehaztu dira, hainbat proiektu berri egitea ahalbidetuz. Guztira, 8.540.679 euroko Aurrekontua izango du Elorriok 2019. urterako.

Besteak beste, Buzkantz inguruko lursaila parke bihurtu eta bertan Skate Parkea irekitzea izango da hurrengo urterako erronka nagusietako bat. Idoia Buruaga alkatearen hitzetan, proiektu hau hilabete gutxi batzuetan hasiko da: “Dena dugu prest: proiektua burututa dago, baina Euskal Ur Agentziaren azken baimenaren zain gaude duela hilabete batzuetatik hona. Behin baimen hori eskuratuta, herriko erdigunean parke eder batetaz gozatu ahal izango dugu”.

Aurrekontuetan jasotzen ez den arren, Toloto erreka berbideratzeko hitzarmena sinatu dute URAk eta Udalak, eta horren bitartez 1.600.000 euro inguruko inbertsioa suposatzen duten lanak burutuko dira. Lanak udaberrian hastea aurrikusten dute bi aldeek, eta lan horrei esker herrian urpetze arrisku handienetarikoa daukan gunearen (Esteibarlanda ingurua) arriskua desagertarazi egingo da.

Legegintzaldi osoan Aurrekontuak aurrera ateratzea lortu du Udalak. Gertaera horrekin “pozik” agertu da gobernu taldea, haren iritziz horrek “oposizioaren ekarpenak gure egiten saiatzen garela adierazten duelako, eta saiakera hori Aurrekontuetan islatzen delako. Aurrekontu hauek elorriarren eskaerei erantzuten diete, herritarrentzat handiak izan daitezkeen gauza txikietatik abiatuz proiektu handietaraino. Argi dugu elorriarrekin egin nahi dugula herria, eta horretan gabiltza”.

Hobekuntzak Herri Ikastetxe inguruan

Horiez gain, Eskola inguruan hainbat egokitzapen egingo dira, esaterako, San Jose auzoa eta errugbi zelaia konektatuko dituen konexio berria eginez edota herri ikastetxeko aldagelak konponduz. Gainera, herri ikastetxeko eraikina eta bertako jolas gunea berritzeko asmoa ere badago.

Gainera, kasko historikoko etxebizitzetan termitekin dituzten arazoei modu integral batean erantzun asmoz, Udalak 120.000 euroko diru partida ireki du, aurten etxez-etxeko azterketa egin ondoren.

Proiektu horiez gain, herriguneko errepideak konpontzeko 85.000 euro eta auzoguneetakoak konpontzeko 40.000 euroko diru-partidak egongo dira, eta herri-argiteria hobetzeko 250.000 euroko inbertsioa egitea aurrikusten da.

Hainbat diru-partiden artean, 55.000 euro bideratuko dira gazteentzako ekintzetara. Horrez gain, kirol taldeei 73.000 euro emango zaizkie eta Gizarte eta Berdintasun ekintzetarako 22.000 eta 27.000 euro bideratuko dira, hurrenez hurren.

500 elorriarren iritziak Aurrekontuak prestatzeko

Aurrekontuak osatu asmoz, herritarren iritzi eta lehentasunak ezagutu nahi izan ditu Udalak. Horretarako, 500 elorriarren iritziak jaso ditu telefonoz, etxez-etxez eta webgunetik egindako galdetegien bitartez.

“Legegintzaldi hasieran Gobernu Plan bat adostu genuen Elorrioko herritar, eragile eta elkarte ezberdinekin, eta Aurrekontu hauek plan horretan sakontzen dute. Etorkizuneko Elorrio hori herritarrekin batera egin nahi dugu, eta bide horretan edonork lagun gaitzake”, gaineratu du Idoia Buruaga alkateak.