Albisteak

 

2019rako Aurrekontuak lantzen hasi aurretik, elorriarren iritziak eta lehentasunak ezagutu nahi ditu Udalak. Horretarako, inkesta telefoniko zein presentzialak egin ditu duela aste batzuk, eta orain, berriz, ‘Zuk Daukazu Hitza’ ekimenaren baitan galdetegi bat bidaliko du Elorrioko etxebizitza guztietara ahalik eta iritzi gehien jaso asmoz.

“Udalak inbertsioetara bideratu ditzakeen baliabideak mugatuak izan ohi dira, eta horrek aurreikuspenaz aritzera behartzen gaitu arduratsuak izan nahi baldin badugu”, azaldu du Idoia Buruaga alkateak. Horretarako, hurrengo urterako balizko inbertsioen artean lehentasunak markatzea izango da galderetako bat. Horren ostean, udala zorpetu beharko balitz, zein proiekturen inguruan izan beharko litzatekeen galdetzen da.

Gobernu Plana, gidalerro

Legegintzaldi honetako azken Aurrekontuak izango dira hauek. Aurrekontu horietan, 2018an arrazoi ezberdinengatik burutu ezin izan diren proiektu gutxi batzuk zein beste hainbat egitasmo berri barnebilduko dira. Modu horretan, legegintzaldi hasieran gobernu taldeak elorriarrekin eta herriko zenbait elkarte zein eragilerekin batera landu zuen Gobernu Plana betearazten joango da.

Ekarpenak azaroaren 14ra arte egin ahalko dira, eta udaletxean jarriko den buzoian edo www.elorrio.eus webgunean izango den galdetegi baten bitartez helarazi ahalko dira.