Albisteak

 

Igande honetan, urriaren 28an, ‘Elorrioko Udala Saria Nazioarteko Ziklokrossa Basqueland’ lasterketaren 43. edizioa ospatuko da Elorrion (Bizkaia). Estatu espainiarreko lasterketarik beteranoetarikoa izanik, dagoeneko nazioarteko mailan egonkortu da. Aurten, berritasun modura, bikoiztu egingo da nazioarteko txirrindularien presentzia, 30 ingurura helduz.

Iaz, Elorrioko frogak C1 lizentzia lortu zuen emakumezko lehiaketa guztietan eta gizonezkoen elite mailan zein 23 urte azpikoen lasterketan. Aurten ere maila berbera mantenduko du, Euskal Herrian zein estatu espainiarrean maila horretan dauden bi lasterketariko bat izanik. Gizonezkoen Senior mailan, berriz, Espainiako Koparako puntuagarria izango da froga.

Elorriora nazioarteko txirrindularirik esanguratsuenetarikoak etorriko dira. Gizonezkoen kasuan, besteak beste, Felipe Ors (8. UCI rankinean), Vicent Baestaens belgiarra (15. UCI rankinean), Bran Merlier, Dario Tyelen edota Aitor Hernandez ermuarra izango dira.

Emakumeen kasuan, berriz, Helen Wyman (5. UCI rankinean), Jinse Peeters belgiarra, Mannon Bakker holandarra edota Aida Nuño eta Lucia Gonzalez espainiarrak izango dira Elorrioko landetan lehian.

Astearte honetan eginiko prentsaurrekoan Elorrioko udaleko ordezkariek, lasterketaren antolatzaileek eta Aitor Hernandez txirrindulariak parte hartu dute. Berritasun modura, aurten ibilbidea guztiz aldatuko dela iragarri dute antolatzaileek. Izan ere, laburragoa izateaz gain –aurtengoak 2.540 metro izango ditu; iazkoak, berriz, 2.950 metro– aurtengoak txirrindularien alde teknikoari egingo dio mesede. Joseba Gorostiza antolatzailearen iritziz, “publikoarentzat, ibilbide berria ikusgarriagoa izango da, eta txirrindularientzat, berriz, entretenigarriagoa. Beste urteetan bezala, hondartza, enborrak eta beste hainbat zailtasun izango dira, guztia lokatz askorekin nahastuta”, adierazi du, astebururako datorren eguraldi aurreikuspenei kasu eginez.

500 txirrindulari inguruk parte hartuko dute froga ezberdinetan, eta horien artean izango dira nazioarteko zirkuituetako izenik garrantzitsuenetariko batzuk. Zirkuituaren berritasunaz gain, izango dira beste batzuk, adibidez ‘Emakumeen Master Lasterketa’ kategoria berria.

Berdintasuna sarietan

Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek saiakera berezia egin dute lasterketetan emakumeen presentzia indartzeko. Aurten ere, “momentuko txirrindulari femenino onenak” lortu dutela adierazi dute antolatzaileek.

Idoia Buruaga Elorriok alkateak eta Dani Palacios Kirol zinegotziak Elorrioko Txirrindulari Elkarteak berdintasunaren ikuspegitik lasterketak berdintzeko arloan egiten duen lana goraipatu nahi izan dute: “Oso pozik gaude antolatzaileek zentzu horretan egiten duten lanarekin, eta Berdintasunaren eremuan erreferentzia izaten jarraitzeko babestuko ditugu”, adierazi du Buruaga alkateak. Zentzu horretan, eta iazko bideari ekinez, emakumezkoen eta gizonezkoen sariak berberak izango dira.