Albisteak

 

Elgetara bidean dagoen Berrio auzoko etxebizitzak ur sare orokorrera lotu ahal izango dira epe laburrean. Izan ere, hori gauzatzeko lanak dagoeneko hasi ditu Elorrioko Udalak. Inbertsioa 139.890,52 eurokoa izango da, eta hurrengo urte hasierarako bukatuta egotea espero dute udal ordezkariek.

Lan hauek Berrio auzoan ur partzuergoko zerbitzua zabaltzea badute helburu ere, sarea prest geratuko da ondorengo faseetan Aldape eta Gazetara ura eramateko.

Lanak Urkizuaran kalean

Berrioko lanez gain, Urkizuaran kalean hainbat lan egingo ditu Udalak ur hornidura eta estolderia sareak hobetzeko helburuarekin. 140.000 euroko lizitazio aurrekontua dute lanek, eta bi helburu nagusi izango dute: alde batetik, zaharkiturik dagoen ur hornidura sarearen atal bat berjartzea eta, bestetik, gaur egun oraindik ere bateratua dagoen estolderia sarea ur zikinen eta euri uren sare bereizituan bilakatzea.