Albisteak

 

Elorrioko eta Abadiñoko Udalek bi herrietako landa eremuetan emakumearen egoera zein den jakin asmoz, ikerketa sakon bat jarri dute abian. Proiektu horrek etorkizunean eremu horretan mantendu beharreko gidalerroak zehaztuko ditu, emakume izateak eta landa eremuan bizitzeak sorrarazi ditzakeen kalteberatasunak murriztu asmoz. Uda aurretik aurrediagnosia osatu zen eta orain behin betiko diagnosia osatuko da.

Bi udalerrietako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez, landa eremua errealitate garrantzitsua da Durangaldean. Abadiñoko eta Elorrioko landa eremua oso zabala da eta, nahiz eta azken urteotan jaitsi izan den, eremu horretako biztanle dentsitatea kontutan hartzekoa da. Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen iritziz, “hainbat ikerketetan azaltzen da landa eremuan bizitzeak bulnerabilidade eta bazterkeria egoera sor daitekeela, baita azken hamarkadetan landa-eremuko biztanleriaren profila goitik behera aldatu duela. Eta hori da, hain zuzen ere, jakin nahi duguna: gure auzoetan zer gertatzen ari den”.

Lan hau Leire Milikua Larramendi ikertzaileak burutuko du. Milikuak azken urteetan landa eremuaren, agroekologiaren eta feminismoaren inguruan egindako ibilbide profesional interesgarria izan du, bai iker-eremuan zein esku-hartzean.

Diagnosia egiteko hiru fase beteko dira:

  • Dagoeneko egina dagoen marko teoriaren eraketa. Oinarri teorikoan gaur egun indarrean dauden berdintasun–politikoetan, araudian eta feminismoaren ildo eta proposamenetan oinarrituta.  Horrez gain, datu kuantitatiboak ere ustiatu dira.
  • Bi herrietan elkarrizketak egin dira baserriko bizi moduarekin lotuta. Orain saio kolektiboak hori sakontzeko.
  • Behin ondorioak aterata, beste saio bat egingo da momentura arte egindakoa balidatzeko eta behin betiko txostena egiteko etorkizuneko gidalerroekin.

Urriaren 17an eta azaroaren 7an bilera kolektiboak egingo dira Gazeta auzoko Lagunarte kofradian arratsaldeko bostak eta erdietan.