Albisteak

 

Ostiral honetan hasiko diren Elorrioko Ferixa Nausikoek hainbat berritasun izango dituzte aurten ere. Izan ere, abuztuaren 31 eta irailaren 9a bitartean ospatzen diren jaiak garatzen joateko eta garai berrietara egokitzeko asmoa erakutsi du Udalak.

Zentzu horretan, aurten 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzako ekintza sorta antolatu da, Udalak gazteekin batera burututako Gazteria Planean Ferixa Nausikoetan adin-tarte horri dagokionez zegoen hutsunea identifikatu ondoren. “Gazteria Plan horretan nerabeek adierazi ziguten beraientzako ekintza gutxi zeudela jaietan, eta hutsune hori osatzen saiatu gara”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Gauzak horrela, asteburuetan, goizetan zein arratsaldetan, Skate Eskolak antolatuko dira. Gainera, larunbatean 18:00etan, 12 eta 15 urte bitarteko Koadrilen Jolasak antolatuko dira, astelehenean nagusiagoek egiten dituztenen antzekoak.

Barrakekin lanketa irudien inguruan
Aurten ere, berritasun modura, Udaleko Berdintasun arlotik lanketa berezia egin da barraketako arduradunekin batera, horietako batzuetan erakutsi ohi diren irudi estereotipatuak zaindu asmoz.

Horrez gain, iaz botiltzarraren inguruan eginiko lanketari jarraipena eman asmoz, aurten ere prebentzio eskuhartze kanpaina ibiltaria jarriko du martxan Udalak. “Arazoa errotik desagerraraziko ez dugun arren, komenigarria iruditzen zaigu gazteekin prebentzio eta bizikidetza lana egitea, beraz bi asteburuetan lanketa berezia egingo dugu zentzu horretan”, adierazi du Buruagak.

Prebentzio lanez gain, Udalak bizikidetza zaintzeko hainbat neurri hartuko ditu. Izan ere, eskuhartzean bertan zabor-poltsak banatuko dituzte gazteen artean, ingurua ahalik eta txukunen uzteko eskatuz. Gainera, udal brigadak saiakera berezia egingo du botiloi guneak garbitzeko. Bestalde, ekitaldi nagusietan, Sukalki Egunean edota Koadrila Egunean kasu, udalak kolore ezberdinetako zabor-ontzi ezberdinak jarri eta mahai bakoitzean koloretako poltsak eta eskuorri bana utziko ditu ditu birziklapena bultzatu asmoz.