Albisteak

 

Elorrioko Aldapebeitia jauregia etorkizunean zein erabiletara bideratu erabakitzeko, Udalak ‘Aldapebeitia Aldaberritu’ prozesu partehartzailea martxan jarri zuen maiatzaren 15ean. Prozesuak iraun duen bi asteetan, elorriarren 600 proposamen jaso ditu herritik jarritako buzoietan zein webgunean. Horrez gain, maiatzaren 30etik ekainaren 3ra bitartean hamar urtez itxita egon den jauregia barrutik ezagutzeko aukera izan da, eta bertatik 530 pertsona igaro direla adierazi dute udal ordezkariek.

“Oso emaitza onak izan ditugu, bai kopuruz eta baita ekarpenen kalitateagatik. Nabaritzen da jendeak badituela proposamenak eraikin honetarako, eta hori da garrantzitsuena, guztion artean proposamenak egin, horiek baloratu eta ahalik eta ondorio adostuenetara heltzea. Nahiz eta guk ere izan ahal ditugun gure burutazioak, ez genuen eraikin hau gure ideiekin soilik ‘hipotekatu’ nahi, uste baitugu horrelako proiektu batek adostasun zabal bat behar duela”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Jasotako ekarpenak elorriarren artean azaldu eta ondorioak komunean jarri asmoz, ekainaren 13an bilera ireki bat antolatu da udaletxean 18:30ean.