Albisteak

 

Udako igerilekuen itxiduraren zati bat moldatzeko beharra izan du Elorrioko Udalak, URAren, Uraren Euskal Agentziaren, errekerimendu baten ondorioz. Eskaeraren arrazoia izan da itxidurak gutxienez bost metroko distantzian egon behar duela igerilekuen atzealdetik dihoan errekatik.

Behin hesiak mugituta, erreka aldera dagoen belartzak hiru metro galduko ditu. Dena den, egindako aldaketen ondorioz instalazioen azterketa berri bat egin da, eta ondorioztatu da igerilekuen edukiera 1.400 pertsonetan mantenduko dela, iazko kopuru berdina.

Udako igerilekuak 2014 urteko udan ireki ziren, baina ez zeukaten URAren baimenik. Aipatutako baimena 2015ean iritsi zen udaletxera, igerilekuak dagoeneko irekita zeudenean. Bertan eraikuntzarako hainbat baldintza azaltzen ziren, besteak beste errekaren eta hesien artean aipatutako gutxieneko bost metroko distantzia. Hala ere, aurreko gobernu taldeak ez zuen agindutakoa bete.

200.000 euroko inbertsioak

Bidalitako errekerimenduan URA-k ondorioztatzen du gaur egungo distantzia ez dela onargarria eta handitu egin behar dela. Gaur egungo gobernu taldearen arabera ez dago erabakia errekurritzeko aukerarik, izan ere, baimen hori igerilekuak eraiki aurretik lortu eta URA-k eskatutako baldintzak bete beharko lirateke.

“Presa izateak ez du ezertan laguntzen, eta zoritxarrez aurreko legegintzaldian gertatutako beste adibideetako bat da. Badirudi aurreko gobernu taldeari ez zitzaiola interesatzen baimenak heldu arte itxarotea. Beste leku batera begiratu izanak ondorio tekniko eta ekonomiko ugari eragin dizkio Elorriori”, adierazi du Idoia buruaga alkateak.

“Dena den, eta beste instalazio batzuetan egiten dugun bezala, gobernu talde honek udako igerilekuak ahalik eta egoera onenean mantentzeko apustua berresten du. Azken hiru urteetan 200.000€ baino gehiagoko inbertsioak egin ditugu soilik igerilekuetan egondako akatsak, hutsuneak edota erabiltzaileek helarazitako hobekuntzak egiten”, gaineratu du Buruagak.