Albisteak

 

Aurrerantzean, Elorrioko Udalak energia berdea soilik erosiko du. Izan ere, Goiener –energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba– izan da prozedura-zabal bitartez  lizitatu den energia-kontratu berriaren irabazlea.

“Udal talde honek sendo egiten du energia berriztagarrien alde; horregatik, pleguetan baldintza izan da kontsumitzen dugun energiaren %100a berriztagarria izan behar dela”, adierazi du Xabier Dominguez Ingurumen zinegotziak.

CO2 emisioak %39,3 jaitsi dira kiroldegian

Horrez gain, Ingurumen arloan beste hainbat hobekuntza egiten ari da Elorrioko Udala. Besteak beste, kiroldegiko energia kontsumoa jaitsi asmoz, Udalak ‘Sedirec’ izeneko sistema ezarri du igerilekuko galdaran eta frontoiko fokoak aldatu ditu azken asteetan. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzaren energia-kalifikazioaren etiketaren arabera, energia kontsumoa %22,4 eta CO2 emisioak %39,3 jaitsi dira.