Albisteak

 

Apirilaren 20ean 81 urte bete ditu Intxorta mendiko erresistentziak. Zazpi hilabetez, 38 batalloi ezberdinek Intxortako magalak defendatu zituzten Francoren tropei aurre eginez. Gertaera horiek gogoratu eta mendi hartako frontean hildako 231 gudari eta milizianoak omendu asmoz, ekitaldi sorta antolatu dute ‘Intxorta 1937’ KEk eta Elgetako udalak.

‘Intxortako Atea’ izeneko monumentuan izan da igande honetan Idoia Buruaga Elorrioko alkatea, inguruko herrietako udal ordezkariekin batera. Bertan hildako 44 elorriarren izen abizenak gogorarazteaz gain, etorkizunera begiratzeko lehenik iragana ezagutu behar dela nabarmendu du Buruagak: “Berriro gertatu ez dadin, gure seme-alabek ezagutu dezatela gure aitita eta amamen istorioa”.

Zentzu horretan, Elorrioko udalaren laguntzarekin sortu berri den ‘Laumunarrieta 1937’ elkarte memorialistaren lana goraipatu du, “Elorrion ere gertatutakoa ezagutarazteko tresna garrantzitsua delako”.

Bideoa ikusi