Albisteak

 

Pertsona helduen artean ariketa fisikoa sustatu asmoz, Udalak eragile zein elorriar ezberdinekin bilera irekia egingo du hurrengo asteazkenean.

2017an lehen urrats batzuk eman ostean, elorriar nagusien artean jarduera fisikoa sustatzeko lanean sakondu nahi du Elorrioko Udalak. Horretarako, Kirol Mahaia deituko du berriz ere, arlo horretan interesa eduki dezaketen herriko eragile zein norbanakoekin etorkizunerako plangintza bat eta ekintza ezberdinak osatu asmoz.

Gizartea zahartzen doan heinean –2005 eta 2015 urteen artean 80 urtetik gorako biztanleria % 52 hazi zen–, Elorrioko Udalak gizarte sektore horrek ariketa fisikoa egin ahal izateko baldintza duinak eskaini nahi ditu. Asmo horrekin, hurrengo hilabeteetan hainbat lansaio antolatu ditu. Lehena asteazkenean, otsailak 21, izango da, 18:00etan Kirol Etxean.

Dani Palacios, udaleko Kirol arloko arduradunaren arabera, “helburua da jarduera fisikoren bat egin nahi duten pertsona nagusiek beren ahalmenei egokitutako alternatiba ezberdinak izatea. Horretarako, lehenik, zer nahi duten eta gure herria nola ikusten duten galdetu nahi diegu”.

Ariketa kale guneetan

Zentzu horretan, lehen bilera horretan Elorrion jarduera fisikoa egiteko dauden erraztasun zein zailtasunen inguruan galdetuko zaie bertaratutakoei. Ondoren, beste herri batzuetan martxan jarri diren ekimen interesgarriak aurkeztuko dira, Elorrion ere horrelakoek ongi funtziona dezaketen ezagutu eta proposamen zehatzak egin asmoz.

Elorrion, gaur egun, 65 urtetik gorako 108 pertsona daude Kiroldegian urteko sarrera dutenak, eta horietako 33k Hirugarren Adineko Gimnasia jardueran ari dira. Jarduera horrez gain, udalak alternatiba ezberdinak eskaini nahi dizkie kale guneetan.