Albisteak

 
Gaur goizean sinatu dute Elorrioko Udalak, EROSKI Fundazioak eta KAINABERA kooperaziorako eta elkartasunerako elkarteak Elikagaien Bankuaren Programan laguntzeko hitzarmena. Hitzarmen hau orain hiru urte sinatu zuten, eta indarrean izango da 2018an. Helburua da Elorrioko zenbait familiak pairatzen dituzten zailtasunak arintzen laguntzea hilero janari lote bat emanda.

Lau urte honetan, Bizkaiko Elikagaien Bankua —eta, era berean, Europar Batasuneko programa— laguntza ematen ari dira Elorrioko familia behartsuei, KAINABERA kooperaziorako eta elkartasunerako elkartearen medioz, zeinaren helburua baita giza garapen eta gizarte iraunkorrago baten alde egitea munduan, eta, hitzarmen honen bitartez, janariak eta/edo produktuak erosteaz arduratuko da, baita bildutakoa eta erositakoa Elorrioko familiei banatzeaz ere.

Lankidetza hitzarmen horretan, EROSKI Fundazioak konpromisoa hartu du 6.000 euro emateko udala nahiz gizarte erakundea babesteko eta behartsuenei laguntzeko. "EROSKI Fundazioaren helburuetan dago elkartasuna erakustea. Hori dela eta, ekimen propioz edo hitzarmenen bitartez jarduten gara, gaur bezala, gizarteko hainbat erakunde, elkarte eta GKErekin batera, laguntza handia ematen baitiete gure ingurunean premiarik handiena dutenei. Hain zuzen, gizarte bidezkoago eta elkartasunezkoago baten alde egitea da EROSKIk kooperatiba den aldetik besteren artean duen zeregina", esan du EROSKI Fundazioko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Elorrioko Udala arduratuko da laguntzak bideratzeaz, objektibotasunaren eta bazterketarik ezaren irizpideak erabilita. Gainera, Bizkaiko udalerriak KAINABERAren eskueran ipini du 40 metroko txoko bat Galartzuri kaleko lehenengoan, janarien banaketarako, eta konpromisoa hartu du aurrekontuan diru sail bat bereizteko eta janari lotea egokitzeko laguntza eskatu beharrean diren familietara eta haien premietara.

Alde horretatik, Elorrioko alkate Idoia Buruagak esan du "EROSKI Fundazioaren borondate ona eta udalarena ezereza litzatekeela KAINABERAk egiten duen lan handia egingo ez balu. Zeregin garrantzitsua betetzen du; izan ere, haiek helarazten diete laguntza egiaz behar dutenei".

Bestalde, KAINABERAko presidenteak, Juan Maria Lersundi Gacetabeitiak, hauxe esan du: "Eskerrak eman nahi dizkiogu EROSKIri eta Elorrioko Udalari, eman duten babesagatik. Haiei esker erosi eta banatuko ditugu behar diren janariak, krisiak udalerrian eragin dituen gorabeherak arintzeko".