Albisteak

 
Elorrion etxegabetzerik egonez gero, biktimen alde lan egiteko protokoloa martxan jarri du bertako Udalak. Hainbat hilabetetako lanaren ondorioz, protokoloa indarrean dago, eta udal mailan lan egiteko balioko du.

“Elorrioko Udalak bere kezka osoa adierazten du etxe bat izateko zilegizko eskubidea kolokan ikusten duten herritarren egoeraren aurrean. Ondorioz, bere ahalegin guztiak egingo ditu egoera ekonomiko zehatz baten aurrean, pertsona horien etxebizitza eskubidea bermatzeko”, adierazi dute udal ordezkariek. Horretarako, instituzio publikoen eta etxegabetzeen aurka ari diren eragileen arteko elkarlana beharrezkoa dela gaineratu dute.

Banketxeekin harreman bideak ireki
Udalak herritarren aurkako etxegabetze prozeduraren baten berri duenenean, bankuarekin harreman bidea irekiko du prozedura hori behin betiko bertan behera uzteko eskatu eta kaltedunak izan dezakeen edozein proposamen finantza-erakundeari helarazteko. Horrez gain, etxegabetze kasurik izanez gero, Udalak kreditu erakundeekin duen harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu.