Albisteak

 

Uraren Euskal Agentziak eta Elorrioko Udala elkarlanerako hitzarmena sinatu dute helburu duena udalerri bizkaitar hau Toloto errekaren goraldiek sortutako uholdeetatik babestea.
Helburu hori lortze aldera URAk gaur egun errekak duen estalduraren zati bat kenduko du, bere sekzioa handitu eta bi ertzak lotuko dituen zubia eraikiko du.

Udalaren egoitzan sinatu dute hitzarmena batetik Elorrioko Alkate Andrea Idoia Buruaga, bestetik URAko zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok. Funtsean honako hauek dira adostu diren konpromisoak:

  • Uraren Euskal Agentziak bere gain hartuko du proiektuaren gainbegiratze, lizitazio, egikaritze eta lan-zuzendaritza, eta, era berean, finantziazioa, guztira 1,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusiz hiru urtetan banatua (2018-2020).
  • Elorrio Udalak, bere aldetik, konpromisoa hartu du Toloto hirigunean egiten duten bidea egokituko duen proiektua prestatzeko, URArekin elkarlanean, agentziaren esku uzteko lanak aurrera eramateko lurrak eta behin lanak amaituta egokitutako erreka eremu horren mantentze egokia egiteko.

Martinez de Cabredok azpimarratu duenez “Tolotok Elorrioko hirigunean egiten duen bidea estalita dago eta horrek uholde arrisku nabarmena sortzen du; hain zuzen ere hitzarmen honen bitartez ahaleginak batu nahi dira estaldura horren zati bat kentzeko, ibilgua zabaltzeko ur-goraldietan ibilgu horrek emari handiak hartzeko duen ahalmena handitze aldera, pertsonen segurtasuna handitzeko arrisku natural eta errepikakor horren aurrean eta bi ertzak lotuko dituen zubia eraikitzeko, Toloto errekaren sekzio berrira moldatuz.

Elorrioko alkate Idoia Buruagak, bestetik, adierazi duenez, “hitzarmen hau bi erakundeen arteko lankidetza irmoak lortu du, Elorrioko alde zaharrean ur-goraldien erasanak hein handi batean saihesteko. Halaber, hitzarmen honek abiaraziko dituen lanok etorkizunean bestelako proiektuak ere abiaraztea ahalbidetuko digu Elorrion, zentrutik berebilen trafikoa murritzarazteko. Funtsean, hitzarmen hau urrats oso nabarmena da etorkizuneko Elorrio elkarregaz eraikitzen jarraitzeko”.

Elorrioko hiriguneko zati bat Kantauri Ekialdeko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak zehaztutako Uholde Arrisku Handiko eremuen artean dago . Hitzarmen honetan jasotako neurriek Elorriok duen arrisku hori nabarmen murriztea ahalbidetuko dute; hala ere, URAk gogorarazi nahi du ezingo dela 0 arriskurik bermatu iraganean okupatu diren uholde arriskudun eremuetan.