Albisteak

 

Elorrioko trenbide zaharra, autokarabana gunetik San Agustin auzora arte dihoana, pasealeku bihurtuko du Udalak hurrengo urtean. Dagoeneko, aste honetan hasiko dira ibilbidean zehar dagoen tunela egokitzeko lanak, ur filtrazioak ekiditeko. 1975ean irten zen azken aldiz trena Elorrioko Geltokitik, eta ordutik bidearen zati bat ahaztuta egon da, orain arte. Izan ere, lurren jabe zen Adif-ekin hitzarmena sinatu du udalak, eta lurrak udalarenak izatera pasa dira. Horrez gain, proiektu teknikoa eginda dago eta lanak esleitu dira dagoeneko.

Modu horretan, herrigunetik abiatuko den ibilbide berde bat izango dute elorriarrek hurrengo urtetik aurrera. Lortutako akordioa nabarmendu du Idoia Buruaga alkateak: “Adif-en jabegokoak ziren lurrak elorriarrenak izango dira aurrerantzean, eta datorren urtetik aurrera herrigunetik abiatu eta basoan barrena joango den bidegorri eder bat izango dugu herrian. Albiste oso pozgarria da elorriarrentzat”.

Trenak tunel ilun bat gurutzatzen zuen bidean zehar. Hura atontzea izango da udalak izango duen erronketako bat. Horretarako, ur filtrazioak ekidin, ura kanalizatu eta eguzki energiaz elikatuko diren LED argiteria instalatzea ari dira aztertzen. Horrez gain, bidea atondu eta seinalitika jarriko da ibilbidean zehar. “Helburu nagusietako bat “inguruaren nortasuna ahalik eta gehien errespetatzea” izango dela gaineratu du Buruagak.