Albisteak

 

*Azterketen emaitzak Elorrioko Udalari zein bizilagunen elkarteari helarazi zaizkie.

2017ko apirilaren 26tik urriaren 6ra bitartean eginiko azterketek hobekuntza arin bat isladatzen dute denbora tarte horretan. Hoberako joera hori Metal Smelting enpresak udalaren zein bizilagunen eskaerei men eginez hartu dituen neurrien ondorio izan daiteke.

Elorriarren osasunaren inguruko kezkari erantzun bat eman asmoz, 2016 urtean zehar Elorrioko udalak hainbatetan eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari airearen kalitatea neurtzeko gailuak ezarri zitzala. Neurgailuetako bat Txanberi kalean jarri zen, Metal Smelting fundizioaren eragin-tartearen barruan (132 metrotara). Ia sei hilabeteko neurketen ondoren, kanpaina urriaren 6ean bukatu da.

Eusko Jaurlaritzaren emaitzen sailkapen sistema jarraituz, hauek dira PM10 partikulen gaineko azterketaren emaitzak:

Eusko Jaurlaritzaren txostenak ondorioztatzen duenaren arabera, airearen kalitatea ‘Oso Ona’ edo ‘Ona’ izan da neurtutako egunen %88an. ‘Hobetu Daitezkeen Egunak’ %10a izan dira, eta ‘Txarrak’, berriz, %2a. Ez da egon egun ‘Oso Txarrik’.

Udaletik argi utzi nahi dugu emaitza hauek ez direla udal honek nahiko lituzkeenak, baina elorriarren eta Ingurumenaren alde egin ditugun politikak berresten dituela uste dugu.

Jarraian zehazten dugu herriko gune horretan airearen kutsadura maila txikiagotzeko jarraitu dugun prozedura:

Elorrioko Udala urte luzez darama herriko gune ezberdinetako bizilagunen kexak jasotzen. Gobernu talde honek bizilagun horien kexak bildu eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera zein, kasu honetan, Metal Smelting enpresako zuzendaritzara bideratu zituen bilera ezberdinen bitartez.

Alde batetik, Ingurumen Sailari airearen kalitatea neurtzeko neurgailu ezberdinak jar zitzala eskatu zion. Bestetik, Metal Smelting-eko zuzendaritzari neurri zuzentzaileak hartzeko exijitu zion.

Eginiko hobekuntzak
Enpresaren aldetik, lehen hobekuntza nabarmenenak uztail honetan egin dira. Lan horietan, hurrengo neurriak hartu dira:

  1. Gaur egungo urtze-iragazkiaren egokitzapena
  2. Harrikatz eta bentonita siloen barne-iragazkiaren itxitura
  3. Albo fatxadaren kanpo estalkiaren konponketa
  4. Ponpatutako fatxadaren konponketa

Goiko grafikoetan ikus daitekeenez, partikulen emisioak nabarmen jaitsi dira uztailetik hona.

Nahiz eta badirudien hartutako neurriekin emaitzak hobetu direla, udal ordezkariok kezkatuta jarraitzen dugu herriko airearen kalitatearekin. Egoera horren aurrean, enpresari hobekuntzak egiten jarraitzeko eskatu diogu. Enpresak, bere aldetik, proiektu bat aurkeztu du aurtengo abenduko zein datorren urteko abuztuko geldialdi teknikoetan hainbat hobekuntza garrantzitsu egiteko. Ordurako, galdategi honek bikoiztu egin beharko luke keak iragazteko gaur egun daukan gaitasuna eta estaldura guztia berrituta izan beharko du. Teorian, horrek emisio difusoak desagertaraztea eta arazo akustikoak hobetzea ekarri beharko luke.

Herriko beste guneak
Hobekuntza horiekin, udal ordezkariok espero dugu herriko airearen kalitateak gutxinaka hobera egin dezala. Dena den, hartutako neurri horiei jarraipena egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzari neurgailu berri bat jartzeko eskatu diogu.

Goieta kalean, Betsaide galdategiaren inguruan, jarritako neurgailuaren emaitzei dagokienez, udal honek oraindik ez ditu emaitzak jaso. Dena den, lanean gaude enpresaren arduradunekin batera hobekuntzak egin eta kutsadura maila jaisteko. Zentzu horretan, aste honetan berriz ere elkartuko gara empresa zuzendaritzarekin.