Albisteak

 

Elorrion aniztasun kulturalaren lanketa egiten dihardu Udalak. Duela hilabete batzuk herrira heldu berrientzako ‘Baliabideen Gida’ kaleratu bazuen, orain munduko txoko ezberdinetatik Elorriora etorri direnen inguruko dokumentala grabatzeari ekin dio. Dokumentalak zortzi lagunen esperientziak kontatuko ditu, eta grabazioa Ipes fundazioko kideek egingo dute.

‘Mundutik Elorriora, Elorriotik Mundura’ izenpean, dokumentala abenduaren 15ean aurkezteko asmoa iragarri dute udal ordezkariek. Testigantza-mosaiko bat eraiki nahi dute dokumentalaren sortzaileek, elorriarren arteko enpatia handitzeko asmoz. Egun horretarako, jatorri ezberdinetako elorriarren jaialdi bat antolatu nahi du Udalak. Izan ere, dokumentala Elorrioko udalak migranteen baitan duela urtebetetik garatzen diharduen dinamikan kokatzen da.

“Gurera datozenak behar kultural-afektibo-sozialak dituzte, eta erreparatu beharra diegu. Elkar premiak eta betebeharrak ezagututa gure herria eraikitzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Txus Arrieta Gizarte arloko arduradunak.

Lanketaren beste urrats bat

Dokumentala Udalak lantzen diharduen proiektuaren beste pauso bat da. Izan ere, aurtengo martxoan ekin zion lanketa horri aniztasunak Elorrion daukan errealitatearen inguruko diagnosia eginez. 2018rako, berriz, pauso bat aurrera egingo da, tematikan sakondu eta egon litezkeen ertzak biguntzeko esku-hartze eta baliabide egokituak jarriz.
Abenduaren 15eko jaialdiaren bidez Arriolan dinamikan partaide izandako jatorri ezberdinetako herritarren bizipenak partekatu eta partehartzea bultzatuko da, aurreko faseen ondorio edota fruitu gisa.